Laugarrenean estreinatu da Getaria

Aritz Mutiozabal 2014ko uztailaren 14a

Getariako arraunlariak banderarekin (Klausser). Sasoian.info. Getaria salbu, eskualdeko traineruek ez dira aurreko asteetan erakutsitako nagusitasunez aritu oraingoan. Maila guztiak kontuan hartuta, bandera mordoxka ekarri dituzte etxera aurreko asteburuetan, baina azken honetan, aitzitik, bakarra izan da, eta orain arte lortu ez zuen traineru batek egin du. Izan ere, getariarrek Donostiarra-Kaiarriba Bandera eskuratu zuten larunbatean, KAE1 mailan. Liga hasi zenetik indartsu daudela erakutsi dute Gorka Etxeberriak gidatzen duen taldeak, baina garaipenak azken unean egiten zien ihes; lehen hiru probetan bigarrenak izan dira, eta horietako azken biak Zumaiaren atzetik. Laugarren jardunaldian arantza kendu eta zapia altxatu ahal izan dute, oraingoan zumaiarrak bigarren utziz. Getariak atzekoz aurrerako estropada osatu zuen, eta hirugarren luzearen ondoren jarri zen aurretik; bi segundo eskaseko aldearekin gailendu zitzaion auzoko taldeari. Sailkapen nagusian Zumaia da lehena eta Getaria bigarrena, baina biak 45 punturekin daude berdinduta. Oriok eutsi, Zarautzi ihes Oriok, bere aldetik, San Miguel Ligako lidertzari eusten dio, na­hiz eta asteburuan ez den nahi bezala aritu. Pedreñan hirugarrena izan zen, larunbatean, eta Donostian bosgarrena, igandean. Hondarribiak nagusitasunez lortu zuen Marina de Cudeyoko bandera, eta Donostian oso-oso gutxigatik ez zuen irabazi; Kaikurentzat izan zen bandera. Hori horrela, hondarribiarrek aldeak murriztu dituzte Oriorekiko sailkapen nagusian, eta bost puntu jan eta bira jarri dira. KAE2 mailan, Zarautzek lidertza galdu du asteburuan, Deustoren mesederako. Edonola ere, puntu bateko aldea baino ez dago bien artean; Enbata bigarrena da, 57 punturekin. Bi estropada jokatu zituzten –Donostian eta Errenterian, hurrenez hurren–, eta bietan izan zen garaile bizkaitarrak. Zarautz bigarrena izan zen larunbatean, eta hirugarrena igandean; Arkote haien aurretik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide