Getariatik abiatuta, hawaiiar jatorriko piraguekin lehiaketa

Onintza Lete Arrieta 2014ko uztailaren 5a

09:30ean hasi dute Getaria eta Donibane Lohizune lotuko dituen Oxbow Belha’Race proba. Getarian, Malkorbe hondartzatik atera dira parte-hartzaileak kanoa ikusgarrietan. Ipar Euskal Herritik etorri dira kirolari gehienak, hango klubetan egiten dutelako arraunean jatorri hawaiiarreko piraguekin.  Baina tartean bada Zarauzko mutil bat ere. Garikoitzek hala kontatu dio HITZAri: "Nik berez stand up padel egiten dut, arraunketa antzekoa da, baina zutik egiten da hura". Kanoako lehietan parte hartzera gonbidatu egiten dute, eta hala animatu da Getariara. "Lehenago ere parte hartu izan dut, baina aurreneko aldia da sei arraunlariko modalitate honetan". Eguraldi onarekin atera dira ontziak Orio aldera. Donibane Lohizuneko eta Ziburuko Belharra Watermen Club elkarteak antolatu du kanoa estropada, Baionako Aviron Bayonnais Pirogue elkartearen laguntzarekin. Lau etapatan banatuta dago: aurrenekoa, Getaria-Orio (7 kilometro); bigarrena, Orio-Donostia (14 kilometro); hirugarrena, Donostia-Hendaia (25 kilometro); eta laugarrena, Hendaia-Donibane-Lohizune (15 kilometro). Guztira, 61 kilometro izango ditu itsas zeharkaldiak. Hegoaldearekin bat egiteko gogozAne Egia donostiarra da, eta Belharra klubeko kidea da. HITZAri azaldu dio kirol hau Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrira zabaldu nahi dutela, eta horregatik animatu dira probaren zati bat mugaren alde honetan egitera; hasierako partea, hain zuzen. Elkarte bereko kidea da Manu Ado azkaindarra. Lehenengo eta hirugarren etapak egingo ditu berak. Gogorra izango al den galdetuta, hala iritzi dio: "Getaria eta Orio artekoa motza da, baina gero egingo dudana ez", azaldu du irribartsu. Bere klubetik bi ontzik hartu dute parte proban.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide