Getariako udal ordezkariak, igandeko giza katea babesten (Argazkia: Getariako Gure Esku Dago)
Igandeko giza kateari azken bultzada emateko asmoz, Getariako 11 udal ordezkariei beraien atxikimendua eskatu die Getariako Gure Esku Dagok. Ekimenari babesa emateko argazkira horietako zazpi agertu ziren, tartean Nika Lertxundi alkatea.
Giza katera autobusez doazenak 08:45an elkartuko dira frontoian, eta bertan "historikoa izango den argazkia" aterako dute. Autoz doan jendea ere gonbidatu dute argazkian parte hartzera. Gure Esku Dagoko elastikoak jantzita eta ikurrinekin etortzea gomendatu diete herritarrei.
Getariarrak Ezkio-Itsason, ibilbideko 47. kilometroan egongo dira. "Elkarri eskutik helduta denok bat egingo dugu erabakitzeko eskubidearen alde", esan dute.
Aste honen erdialdean gustura ziren Getariako arduradunak: "Hiru hilabetetako lanaren ondoren jendetza bildu da Getariako herrian, igandean, ekainak 8an, erabakitzeko eskubidearen alde egingo den giza katean parte hartzeko. Oraingoz, Getarian 295 metro hartu, eta 6 autobus (330 pertsona inguru), leporaino beteta ditugu, kotxez joango direnez gain. Gogoratu, oraindik metroa hartzeko aukera dagoela, Harritarte dendan".