Menditxoko bizilagunek beren etxeetara bueltatzeko aukera dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2014ko martxoaren 21a

Erakundeetako ordezkariak eta bizilagunak Menditxo erakinaren aurrean. Jesus Mari Egibar bizilaguna eta Nika Lertxundi Getariako alkatea eskua ematen aurrean. (Egilea: Aiora Larrañaga) Egun garrantzitsua da gaur Getarian, urteko lehenengo berdela portura sartzeaz gain, Menditxoko bizilagunek 10 hilabeteren ondoren beren etxeetara itzultzeko aukera baitute; batagatik edo bestearengatik "gustura" dira herritarrak. Maiatzaren 5ean Menditxo erakinaren azpiko labarra erori zenetik Iribarrena kaleko 9 eta 11 eskatzetako bizilagunak beren etxeetatik kanpo izan dira. "Ia hamaika hilabete dira etxetik irten ginela eta oso pozik gaude" adierazi du Rafa Etxeberria bizilagunak. Hamabi familietatik zenbait lehenbailehen lekualdatzen hasiko dira, baina besteek lasai hartuko dutela adierazi dute, oraindik ere labarra egonkortzeko lanen erdia falta baita. Bizilagunentzat 10 hilabete "luze" izan dira pasa dituztenak. "1. eta 2. faseko lanak azkar egin dituzte. Hasiera batean aurrikusi zutena baino 15 egun lehenago amaitu dituzte. Obra oso ondo eginda dagoela ikusten da gainera" azaldu du Etxeberriak. Ildo horretan, bizilagunei garrantzitsua iruditzen zaie arazoa konpontzeko Getariako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua ados jarri izana. "Lanak finantziatzeko ardura bere gain hartu dute, bakoitza bere aldetik tiraka hasi izan balitz, ez ginateke gaur hemen izango". Dena dela, bizilagunen iritziz bidea "ez da erraza" izan. "Etxetik atera behar izan genuenetik, ez dugu inongo laguntzarik izan. Familia batzuk beste etxebizitza bat alokatu behar izan behar dugu eta ez dugu hori ordaintzeko laguntzarik izan". Pozik daude Jesus Mari Egibar eta Amaia Azpillaga senar-emazteak ere. Etxean egin behar dituzten aldaketa batzuk egin eta bi astebeteren bueltan etxera itzultzeko asmoa dute. "Hamar hilabete luze izan dira. Urduritasuna izan da nagusi denbora honetan. Hasieran ez genekien zenbat denbora izango ginen etxetik kanpo eta urte bete-bi urte izango zirela esan zigutenean galdu egin ginen". Konponbidea bazuela esan zieten, baina denborak errespetua ematen zien bizilagunei. "Zorionez, Getariako alkate Nika Lertxundi gai honekin buru-belarri lanean ibili da, lan handia egin du eta bihotzez eskertu nahi diogu. Horretaz gain, Getariako seme Joxe Mari Silvetiri hainbat erakunderekin bitartekari lana egin izana eskertu nahi diogu, zorionez prozesua azkartu egin baita".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide