Fiskaltzak zigor eskaera mantendu du ‘Indaux auziko’ bi akusatu nagusientzat

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko azaroaren 28a

Gaur amaitu da Indaux auziko epaiketa, eta Fiskaltzak 20 urte eta erdi eta hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorrak eskatu ditu bi akusatu nagusientzat. Hasieran egindako zigor eskaera mantendu du, Asedir taldeko Getariako enpresan  ia hogeita bi milioi euroko iruzurra egin izana leporatuta. Akusatu nagusiak R.J.A., enpresako finantza zuzendaria izan zena, eta P.U.U., inbertitzaile ohia dira. Lehenengoarentzat eskatu du fiskalak kartzela zigor gogorrena, hogei urte eta erdiko espetxealdia, «iruzurra eta dirua zuritzea» leporatuta; bigarrenarentzat, berriz, hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra galdegin du. Biei, gainera, ustez lapurtutako 22 milioi euroak itzultzea galdegin die Fiskaltzak. «Baimenik gabe» Fiskalaren arabera, Indauxeko inbertitzailea zenak eta finantza zuzendari ohiak dirua «etengabe» atera zuten enpresatik 2003 eta 2007. urte bitartean, «bazkideen baimenik gabe».  Lau urtean 21.958.014 euro desbideratu zituzten, zehazki. Fiskalak esan zuen «legez kanpo aberasteko» asmoz «pentsatu, planifikatu eta egin» zutela ustezko funts desbideratzea. Kapitala desbideratzeko akusatu nagusiak etxegintza arloko proposamen faltsuetan oinarritu zirela dio Fiskaltzak. Ildo horretatik, iruzurraz gain, bidegabeko jabetzea, administrazio desleiala, kapitalaren zuritzea eta bestelako delituak ere leporatu dizkie. Gainontzeko hamahiru auzipetuak inbertitzaile ohiaren senitartekoak eta gertuko pertsonak dira, «konfiantzazkoak». Horiek ustez «iruzur bidezko dirua» jasotzen zuten, «kopuruaren zenbateko bat eurentzat hartzen zuten, eta gainontzekoa akusatu nagusiei eman». Urriaren 28an hasi zuten Indaux auziko epaiketa, Gipuzkoako Kontu Auzitegian, eta hilabete iraun du prozesu horrek. Fiskalak «diru erraza lortzeko» beste kasu bat dela aipatu du epaileei aurkeztutako dokumentuan, «arduragabekeria morala eta gizarteak gaitzesten duen lapurreta». Hori dela-eta, auzipetuak « zorroztosun penal osoarekin» zigortuko dutela espero du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide