"Ikuspegi ezkertiarra" duten ordenantza fiskalak onartu ditu Getariako Udalbatzak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko azaroaren 7a

Auzokonposta edo autokonposta egiten duten getariarrek %20eko hobaria izango dute zaborraren tasan. (Aiora Larrañaga/Hitza) 2014ko Ordenantza Fiskalak Zergak Ondasun Higiezinen gaineko Zerga. KPI adina igoko da. - Menditxoko ezbeharraren ondorioz, euren etxebizitzetan ez dauden familiak ez dute zerga ordaindu beharrik izango. - Egoera ekonomiko zaila duten familiek hobariak izango dituzte. - Ohikoak ez diren etxebizitzei %50eko errekargua ezarriko zaie. Horrela, hutsik dauden etxebizitzak merkatura ateratzea lortu nahi du udalak. Ibilgailuen gaineko Zerga. Igoera ibilgailuearen zaldi potentziaren araberakoa izango da. Gero eta zaldi potentzia handiagoa, orduan eta igoera handiagoa izango du zergak. - Zerga hori ordaintzeak udan portuan doan aparkatzeko eskubidea ematen die herritarrei. Tasak Hondakinak. - Organikoa sailkatzen dutenentzat KPI adina igoko da. - Organikoa sailkatzen ez dutenentzat %10 igoko da. - Auzokonposta edo autokonposta egiten dutenek %20ko hobaria izango dute. Portuko TAO. Izoztu egingo dute. Orduko 1 euro eta egun guztiagatik 9 euro ordainduko da. Hilerriko zerbitzua. KPI adina igoko da. Kiroldegiko zerbitzua. KPI adina igoko da. Musika eskolako tasa. KPI adina igoko da. Tailer eta ikastaroen prezioak. KPI adina igoko dira. Grabazio tasa eta aulkiak uzteagatik ordaindu beharreko tasa. Izoztu egin dute. Pasa den astean Getariako Udalbatzak behin-behinean onartu zituen 2014ko ordenantza fiskalak, Bildu udal taldearen aldeko bost botorekin, EAJren abstentzioarekin, eta Getaiko Independenteak udal taldeko zinegotziaren kontrako botoarekin. 30 egunez jendaurrean jarriko dituzte, eta alderdi politikoek eta herritarrek helegiteak egin eta proposamenak aurkezteko aukera izango dute. «Ordenantza fiskalak zehazterakoan ikuspegi ezkertiarra kontuan hartzen ahalegindu gara, gauzak beste era batera egiteko aukera ematen baitu horrek», jakinarazi du Getariako Udal Gobernuak. «Zergak eta tasak gutxien dutenen mesedetan kudeatzeko ahalegina egin dugu aurten ere», azaldu du Aitor Irigoien Getariako Udaleko Ogasun zinegotziak. Bi irizpide nagusi jarraitu dituzte proposamena aurkezterakoan. Alde batetik, «progresibitatea aplikatu» dute. «Gehien duenak zerga ekarpen handiagoa egin behar du, gutxien duenaren mesedetan». Bestetik, baliabideak birbanatzea izan dute xede. Irigoienen iritziz, gizartea jasaten ari den epe luzeko krisiarekin «garrantzitsua da udalak diru bilketa zorrotza eginez baliabide nahikoa pilatzea, zerbitzuak ongi eskaini ahal izateko». Udalak jakin badaki krisiaren ondorioz herritar asko egoera larrian daudela, horregatik hobariak proposatu dituzte lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez direnentzat edo hartatik gertu dabiltzanentzat. Behin-behineko ordenantza fiskalak osatzerakoan, Hego Euskal Herriko 2012ko abuztutik 2013ko abuztura bitarteko KPI kontuan hartu dute; %1,7koa, alegia. Behin betiko ordenantza fiskalak osatzerakoan KPI eguneratu egingo dute

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide