Obrak hasi eta 90 egunera itzuli ahalko dira Menditxoko bizilagunak etxera

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 30a

Menditxoko bizilagunak Antonio Aiz Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuordearekin, eta EAJko Andoni Aristirekin bileran, herenegun Getariako batzokian.(Amaia Ventas/Hitza) Behin 33 metroko horma jarri eta labarra egonkortu ostean itzuli ahalko dute Menditxoko hamabi familiek euren etxebizitzetara. Hala jakinarazi zuen herenegun Antonio Aizek, Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politikako sailburuordeak. Bost hilabete daramate sendi horiek euren bizitokietatik kanpo. Pasa den maiatzaren 5ean etxebizitzen pareko 20 metro petril eta labar zati handi bat erori egin ziren, eta ondorioz haitza babesten zuen sarea ere apurtu egin zen. Eraikinak «kalte zuzenik» izan ez bazuen ere, Iribarrena kaleko 9. eta 11. eskaratzetako auzotarrek etxea utzi behar izan zuten, segurtasunagatik. Ordutik «euren kontura, ahal duten bezala eta laguntza txikiena ere jaso gabe» daude getariar horiek, Andoni Aristi Getariako EAJko kideak jakinarazi zuenez. Getarian izan zen herenegun Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuordea, Menditxoko zenbait bizilagunekin biltzeko. Besteak beste, lanen nondik norakoak eta horiek lizitatzeko prozesua zein egoeratan dagoen jakinarazi zien bizilagunei, eta horiek kezkak argitzeko baliatu zuten bilkura hori. Egoera larri horri «ahalik eta bizkorren» irtenbidea emateko  instituzioen arteko elkarlana «beharrezkoa» dela gaineratu zuen Aizek. Haren arabera, obraren lehenbiziko fasea hasi eta gehienez hilabete edota hilabete erdira itzuli ahalko dute etxera kaltetutako familiek. Labarraren goiko aldea, eta, ondorioz, etxebizitzen oinarria egonkortzeko luzetara 33 metro dituen hormigoizko pareta mendi magalera anklatu eta ondoren sarea jarriko dute lehenbiziko fase horretan. Ondoren, magal osoa indartzeko lanekin jarraituko dute. 1,2 milioi euro Guztira 1.200.000 euro kostako da obra guztia egitea. Orain finantzazioa ixtea da «garrantzitsuena». Aizek esan zuen Eusko Jaurlaritzako teknikariek ekainaren 29an aurkeztu zutela obraren proiektua, eta aurrekontua ordaintzeko lau erakunde eskudunek elkarlanerako hitzarmena sinatzea proposatu. Hala, kostua Espainiako Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Getariako Udalaren artean ordaintzea iradoki zuten; bakoitzak %25, hain zuzen. Aldundiak irailean uko egin zion kostuaren %25 bere gain hartzeari, eta proposamen bat jarri zuen mahai gainean: Kosta Zuzendaritzak eta Jaurlaritzak bakoitzak 400.000 euro ordaintzea, eta gainontzeko 400.000 euroak, berriz, Aldundiaren eta udalaren artean jartzea. Aizek esan zuen Jaurlaritzak dagoeneko gordeta duela partida hori. Orain beste administrazioek gauza bera egin eta proiektua lizitatzea soilik falta da obrekin hasteko. Aurrekontuaren negozioazioak aurrera doaz, baina datak zehazteke daude. Hori dela eta, lanak «ahalik eta azkarren» hasteko premia nabarmendu zuen. Izan ere, baldintza klimatologikoak gogortu egingo dira aurrerantzean, eta horrek zaildu egingo du lanak egitea. Getariako EAJko Andoni Aristik «interes politikoak alde batera utzi», eta bizilagun horiei «lehentasuna emateko» eskatu zion udal gobernuari. «Getariako EAJ hasieratik gai honi heldu, eta konpontzeko prest agertu da». Udal gobernuari elkarlanerako prestutasuna azaldu  bazion ere, ez duela erantzunik jaso ohartarazi zuen. «Konpromisoa» eskatu zion, hala. «Udal gobernuak diru falta duela dio. Ez dago aitzakiarik getariar hauei ez laguntzeko, ordea». Hori dela eta, 2014ko aurrekontuetan horientzat partida bat gordetzeko proposatuko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide