‘Indaux auzi’-ko akusatuetatik bi ez dira epailearen aurrera agertu

Urola Kostako Hitza 2013ko urriaren 29a

Atzo hasi zuten Indaux auzi-ko epaiketa, Gipuzkoako Kontu Auzitegian. Hemezortzi lagun daude auzipetuta prozesu horretan, Asedir taldeko Getariako enpresan 22 milioi euroko iruzurra egin izana leporatuta. Akusatuetako bi ez ziren epailearen aurrera agertu atzo, lehen egunean; emakumezko bat eta gizonezko bat. Hainbat komunikabidek jakinarazi dutenez, emakumeak «osasun arazoak» ditu, eta ondorioz ezin izan zuen epaitegira joan atzo. Hori dela eta, epaileak haren kontrako kasua behin-behinean artxibatzea erabaki du, haren egoera hobetu bitartean. Iturri horien arabera, osatzen denean epaituko dute. Gizonezkoa atzeman eta atxilotzeko agindua eman du, bestalde, epaileak. Prozesuak hilabete iraungo du. Akusatuen artean daude R.J.A., enpresako finantza zuzendaria izan zena, eta P.U.U., inbertitzaile ohia. Lehenengoarentzat hamasei urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, «iruzurra eta dirua zuritzea» leporatuta; bigarrenarentzat, berriz, hamahiru urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du. Biei, gainera, ustez lapurtutako 22 milioi euroak itzultzea galdegin die Fiskaltzak. Gainontzeko auzipetuak inbertitzaile ohiaren senitartekoak eta gertuko pertsonak dira. Horiek ustez «iruzur bidezko dirua» jasotzen zuten, «kopuruaren zenbateko bat eurentzat hartzen» zuten, eta gainontzekoa akusatu nagusiei eman. 16 lagun horientzat bost eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorra eskatu dute. «Legez kanpo aberasteko» 2008tik dago zabalik Indaux auzia. Urte horretan hasi zen kasua ikertzen Azpeitiko epaitegia, irregulartasunak medio. Horren atzean orduko finantza zuzendaria eta kolaboratzailea egon zitezkeela eta, haiek atxilotzea erabaki zuten. Gerora aske geratu ziren, bermea orainduta. Hilabete batzuetara, berriz, poliziak bere garaian inbertitzailea  zen P.U.U. atxilotu zuten Costa Rican,«hainbat enpresatan iruzurra egin zuelakoan». Hura Espainiaratzeko baimena eman zuen herrialde horretako epaitegi batek 2009an, zenbait tramite egin ostean—izan ere, akusatuaren abokatuak helegitea jarri zuen Espainiaratzeko aginduaren aurrean—. Martuteneko kartzelara bidali zuten orduan, eta epaileari auziarekin «zerikusirik ez» zuela esan zion. Fiskaltzaren arabera, horrek eta finantza zuzendari ohiak dirua «etengabe» atera zuten enpresatik 2003-2007 bitartean, «bazkideen baimenik gabe». Fiskalak esan zuen «legez kanpo aberasteko» asmoz «pentsatu, planifikatu eta egin» zutela ustezko funts desbideratzea. Lau urtean 21.958.014 euro desbideratu zituzten, zehazki. Fiskalak jakinarazi zuen R.J.A.-k 2003 eta 2005 artean 120.000 euroko, 30.000 euroko eta 80.000 euroko diru sarrerak egin zituela Santander bankuan, eta diru zati bat burtsan inbertitzeko baliatu zuela. Hain zuzen, Ametsa aurrez prestatutako jakien enpresako 400 akzio erosteko 24.000 euro erabili zituen. Horrez gain, diruaren zati bat luxuzko zenbait auto erosteko erabili zituela jakinarazi zuen Fiskaltzak. Indauxeko inbertitzaile ohiak, aldiz, ustez 4.071.423 euro sartu zituen bankuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide