Sortuk Balentziaga museoaren bideragarritasun plan parte hartzailea egiteko eskatu du

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 24a

Balentziaga museoaren barrualdeko irudi bat «Balentziaga museoaren arazoaren oinarrian diru laguntza gutxitzea dagoela sinestarazi nahi izan badigute ere, gure ustez beste espekulazio operazio baten aurrean gaude», salatu du Getariako Sortuk. Hasieratik EAJko agintariek makro-museoaren aldeko apustua egin dutela nabarmendu du, eta horrek «aldaketa» eta «hutsune» ugari izan dituela urte hauetan guztietan. «Hasieran aurkeztutako eraikinaren proiektua bikoiztu zuten, eraikuntzaren kostua laukoiztu, bisitari kopuruak puztu—100.000 bisitari urtero— zituzten, diru eta eskuzapien inguruko lapurreta egon zen, eta, horrez gain, ezker abertzaleak behin eta berriro eskatutako bideragarritasun plana eta kanpo ikuskaritzei muzi egin zieten». Hain zuzen, museoaren etorkizuna proiektu horren inguruan «hausnarketa sakona eta bideragarritasun plana» egitetik etorriko dela aitortu du Getariako Sortuk. Bide horretan, herritarrek, eragileek eta askotariko erakundeek hartu beharko lukete parte, horren ustez. «Orain arte ukatu izan zaigun ariketa egin behar da. Modu honetan soilik ziurta baitezakegu diru publikoaren kudeaketa egokia». Merezitako espazioa «Cristobal Balentziaga eta bere ibilbidea getariarron artean ezaguna da. Beste herritar askoren jarduna bezala, Balentziagaren izenak eta izanak gure artean merezitako txokotxoa behar duela begi-bistakoa da», adierazi dute Sortuko kideek. Eta gehitu: «Gure herriari eta garaiko modari egindako ekarpenak ongi merezitako espazioa merezi duela uste izan dugu beti». Museoa bai, baina «herriko errealitateari egokitutako espazioa» proposatu zuen orduan ezker abertzaleak. «Jeltzaleek, ordea, makro museoaren aldeko apustua egin zuten, batzuetan gehiengo osoaz baliatuz eta besteetan ilegalizazioari probetxua aterata», dio Sortuk. «Hala ekin zioten gorabehera handiak izan zituen proiektuari». Hori dela eta, museoa pairatzen ari den «egoera ekonomiko kaskarrak» ez du «harritu» Getariako Sortu. «Hori bai, sorpresaz harrapatu gaitu egoera honetara hain azkar iritsi izanak. Bi urte besterik ez dira igaro 25 milioi euro kosta zitzaigun eta mantenurako urteko 771.000 euro eskatzen dituen eraikinaren etorkizuna kinka larrian jartzerako». Hala ere, diru publikoaren «erabilera txarraren ardura politiko zein judizialik» ez duela inork bere gain hartu gogoratu du. «Orduko EAJko agintariek entzungor egin izanak eraman gaitu gaur egungo egoera kezkagarri honetara».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide