Argazki eta solasaldiekin garai zaharrak gogoratuko dituzte Gure Txeru Astean, gaurtik aurrera

Getariako Hitza 2013ko urriaren 9a

Gure Txeruko partaide batzuk, artxiboko irudian (Argazkia: Artzape) Ez dira asko izaten herrian errotu eta 50 urte betetzera iristen diren kultur elkarteak. Iaz bete zituen Getariako Musika Bandak 100 urte, eta aurten Gure Txeru Kultur Elkarteari iritsi zaio txanda. Mende erdia bete du, eta urteurrena herritarrekin ospatzeko Gure Txeru Astea antolatu du datozen egunetarako. Gaurtik hasi eta igandea bitartean garai zaharrak gogora ekarriko dituzte mahai inguru nahiz argazki erakusketarekin. Horrela, elkartearen ibilbidea gogoratu, eta haren izaeran eta filosofian aldaketarik izan den aztertu nahi dute antolatzaileek. Herritarrek etxean zituzten argazkiak bildu ditu Gure Txeruk, eta horiekin osatu du erakusketa. Izan ere, 50 urtean ehunka getariarrek parte hartu duten Gure Txeru Kultur Elkarteak antolatu dituen ekimenetan, eta urteetan herritarrek argazki ugari bildu dituzte. Bazkal ostean kantu saioa Euskaldunek betidanik mahai baten inguruan ospatu dituzte urteurrenak. Gure Txeru Elkarteak ohiturari jarraitu, eta herri kantu bazkaria antolatu du larunbaterako. Helduen menua entsaladaz, oilaskoaz, postreaz, edariaz, kafeaz eta kopaz osatuta dago, eta 20 euro kostako da. Bestetik, haurrentzat menu berezia egongo da, 10 euroren truke. Kantu bazkari herrikoian parte hartu nahi dutenek Harritarte tabernan eta Iruretagoiena lurrin dendan dituzte txartelak salgai. Egitaraua Urriaren 9a asteazkena
  • 19:30ean. Mahai inguru irekia egingo dute Gure Txeruren istoriak eta historia gaia ardatz hartuta udaletxeko areto nagusian.
Urriaren 10etik 13ra
  • 19:30ean. Argazki zaharren erakusketa zabalik izango da Txerun. Gainera, ekaineko ekitaldiko bideoa ikusgai izango da. Nahi dutenek ikus-entzunekoa erosteko aukera izango dute.
Urriaren 12a larunbata
  • Eguerdian. Herri kantu-bazkaria izango da frontoian.
  • Aurretik. Poteoa egingo dute, trikitilariez lagunduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide