Getariako Independenteek osasun zentroko lanak geldiarazteko eskatu dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urriaren 3a

Langileak, Getariako Balentziaga kalean lanean (Aiora Larrañaga/Hitza) Getariako Independenteak taldeak udala osasun zentro berriko zein urbanizazioko funtsezko elementuak baimen edota beharrezko dokumentaziorik gabe egiten ari dela salatu du. Hori dela eta, «legeak eskatzen dituen baldintzak bete artean» lan horiek gelditzeko eskatu du. Getariako alkate Nika Lertxundik, berriz, lanak «normal» doazela aurrera nabarmendu du. «Bisatuarena egia da, baina ez da larria; ez da udalaren gorabehera izan. Gainontzeko baldintzak beteta daude». Lanak «abiadura handian» egiten ari direla nabarmendu du alkateak, eta ondorioz, zenbait erabaki hartu behar direla, «azkartasun horren ondorioz». «Baina xehetasunak xehetasun, ongi doaz». Gaur bilduko da batzordea, eta ondoren emango du Lertxundik hartutako erabakiaren berri. Bost hilabete geroago Balentziaga kalean eraikitzen ari diren osasun zentro berriko lanak «legeak exigitzen duen exekuzio proiekturik gabe» egiten ari direla salatu dute Getariako Independeenteek, eta ondorioz, proiektu bisatu hori izan arte obrak geldiarazteko eskatu diote Udal Gobernuari. Jakinarazi dutenez, apirilaren 30ean egin zuten Osoko Bilkuran onartu zuen Getariako Udalak obrekin hasteko baimena Construcciones Amenabar enpresari ematea, baldintza batekin: falta zen dokumentazio «garrantzitsua» hilabeteko epean ematea. Horien artean zegoela Arkitektuen Elkargoak bisatutako exekuzio proiektua aurkeztea.  «Legeak exigitzen duen baldintza da, garrantzitsua baita proiektuan akatsik ez dagoela bermatzeko», nabarmendu dute. Era berean urbanizazioko hainbat funtsezko elementu, oinezko pasabideak eta aparkalekuetarako sarbidea zehazteko eskatu diote Udal Gobernuari. «Bost hilabete igaro dira, eta dokumentazio hori ez da utzi udalean». Horrez gain, eraikinaren bigarren solairua kanpoaldearekin batzen duen pasabidea eraikitzen ari direla esan dute, baina «inolako proiektu, plano eta aurrekonturik aurkeztu gabe». Udalaren «baimenik gabe», alegia. «Hasieran aurkeztutako proiektuan aurreikusi ez zen elementua denez, lan horiek aparte eslaitu beahrko liratekeen ala ez argitu beharra dago». Hori dela eta, beharrezko dokumentuak aurkeztu arte lan horiek ere gelditzea galdegin dute. «Eraikin horren lanetan, eta oro har, herrian egiten diren obra guztietan udalaren betebeharra da legeak eskatzen dituen baldintzak betetzen direla kontrolatzea», nabarmendu dute. «Obrekin hasteko baimena ematerakoan legeak eskatzen dituen proiektuak, planoak eta aurrekontuak exigitzea eta horiek aurkezteko ezarritako epeak betetzen direla bermatzea, hain zuzen». Bost hilabete pasatu ostean, oraindik ez dutela dokumentazioa aurkeztu ohartarazi dute, baina lanekin «normaltasunez» jarraitzen dutela. Ildo horretatik, udalak falta den dokumentazioa «lehenbailehen eskuratzeko urratsak eman» behar dituela diote, eta bitartean, obrak gelditzeko agindua eman behar duela, «legeak esaten duen» bezala.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide