Azken asteetan Cristobal Balenciaga Museoaren etorkizunaren inguruan zurrumurru ugari sortu dira. Erakundeetako ordezkariak gaiarekin kezkatuta daude, eta museoaren etorkizuna hizpide izan zuen ostegunean Cristobal Balenciaga Museoko Patronatuak. Espainiako Gobernuko, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Getariako Udaleko ordezkariak bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian, eta fundazioko ekipo teknikoak museoaren jasangarritasunaren harira egin zuen azterketaren emaitzak izan zituzten hizpide.
Cristobal Balenciaga Museoaren nondik norakoak gertutik jarraitu dituzte Getariako ostalariek. Izan ere, jakin badakite museoara joaten diren bisitariak euren bezero potentzialak direla. «Getariako, eta, oro har, Urola Kostako ostalarientzat eta zerbitzu arloan lan egiten duten enpresentzat oso garrantzitsua da museoa. 2012an 68.000 bisitari izan zituen, eta horiek Getarian edo inguruan bazkaldu, afaldu edo ostatu hartu zuten», azaldu dio Hitza-ri Xabier Aldalurrek, Getabat Ostalarien Elkarteko lehendakariak. «Ostalariok inguruko zerbitzuez hornitzen gara, eta museoaren jarduerararen eragina ostalaritzan zein zerbitzuetan antzeman daiteke», dio.
Gaia aztertu ondoren, museoaren ordutegia egokitzea erabaki zuten Cristobal Balenciaga Museoko patronatukideek. Aho batez onatu zuten ordutegi berria, eta hiru sasoi zehaztu zituzten: altua, erdia eta baxua.
Horretaz gain, egun museoak dituen arazo ekonomikoak konpontzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak 50.000 euro jarriko du. Gainera, Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin batera museoak duen 80.000-100.000 euro arteko defizita estaltzeko konpromisoa hartu zuen bileran.
Proiektu museologikoa
Getabat Getariako Ostalarien Elkarteko lehendakari Xabier Aldalurren iritziz, ordutegia egokitzea baino «askoz arazo sakonagoak» ditu Cristobal Balenciaga Museoak. «Krisi ekonomikoa errealitatea da egun, eta horren aurrean murrizketak egiten ari dira erakundeak. Museoaren aurrekontua ireki zenean baino txikiagoa da, eta horretara egokitu beharko du zuzendaritzak. Patronatuak, bere aldetik, hausnarketa sakona egin beharko du museoak etorkizun oparoa izan dezan».
Balenciaga Museoak turismo arloan potentzial handia duela uste du Getariako Getabat elkarteko lehendakariak. «Azken urtean, aurreko urteko datuekin alderatuz Gipuzkoan %5 igo da turismoa, eta Gipuzkoa bisitatzen duten turista asko eta asko frantziarrak dira. Cristobal Balenciaga diseinatzailea frantsesentzat ikono garrantzitsua izanik, uste dute sinergia hori nolabait bideratu beharko luketela arduradunek», proposatu du.
Aldalurren iritziz, «garai berrietara egokitutako proiektu museologikoa» izatea da etorkizunerako giltza. «Proiektu horrek museoaren ildo nagusia zehaztu behar du, eta iruditzen zait garrantzitsua dela museoak modaz gain, beste arlo batzuk ere jorratzea, bertara herritar gehiago erakartzeko».
Bestalde, museoa herritarrei irekia izatea ere garrantzitsua dela uste du ostalarien elkarteko lehendakariak. «Atrioaren erabilera ere aztertu egin beharko lukete, herritarrei irekia izateak jende gehiago erakarriko bailuke. Erabilera anitzeko gunea izan daiteke eremu hori, getariar eta bisitari guztiei irekia».
Ordutegi berria
- Sasoi baxua. Azaroa eta otsaila bitartean, asteartetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara egongo da zabalik. Asteburuetan 10:00etatik 17:00etara.
- Sasoi ertaina. Martxoan, apirilan, maiatzan eta urrian, asteartetik ostiralera 10:00etatik 17:00etara egongo da zabalik, eta asteburuetan 10:00etatik 19:00etara luzatuko da ordutegia.
- Sasoi altua. Ekainetik irailera 10:00etatik 19:00etara egongo da zabalik museoa. Astelehenetan itxi egingo dute.