17.786 euro gehi BEZ kostako da Balentziaga kalean garajea erostea

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 27a

Getariako Udalbatzak ohiko udalbatzarra egin zuen asteazken iluntzean, eta Balentziaga kaleko garajeek eztabaida sortu zuten udal taldeetako ordezkarien artean. Izan ere, udalbatzarrean Balentziaga kaleko garajeen prezioa bozkatu zuten, eta gaiaren inguruko eztabaida sortu zen. Getariako EAJren iritziz «hanka sartzea» egin du Getariako Udal Gobernuak Balentziaga kaleko osasun zentro berria lortzeko prozesuan, eta taldearen iritziz «herritarrek ez dute akats hori ordaindu beharrik». EAJko zinegotzi Ekaitz Balentziagak azaldu hala azaldu zuen: «2012ko urrian Getariako Bilduk hitzarmena sinatu zuen Osakidetzarekin, eta bertan zortzi aparkaleku Eusko Jaurlaritzaren esku uztearen truke anbulategi berria egitea jasotzen zen. Gure iritziz hori hanka-sartze handia izan da, ez baita udal honen eskumena zortzi plaza horietaz arduratzea, eta are gutxiago Eusko Jaurlaritzari oparitzea». Balentziaga kaleko garajeak eta osasun zentroa eraikitzeko lanak (Aiora Larrañaga/Hitza) Getariako EAJk uste du  akatsa konpontze aldera «zortzi aparkalekuen kostua erosleei ordainaraztea bururatu» zitzaiola Udal Gobernuari; «erosle bakoitzari garajearengatik 700 euro gehiago ordaintzera behartuz».Getariako EAJk helegitea jarri zuen neurri horren aurrean, Getariako Udalak kostu hori bere gain hartzea proposatuz. EAJk jarritako helegitea asteazkeneko udalbatzarrean bozkatu zuten udal taldeek eta ahoz batek onartu zuten proposamena. Horren arabera, garaje bakoitzak 12.746,73 euroko kostua izango du, eta salmenten kasuan prezio horri 5.000 euro gehituko zaizkio lurraren salmenta prezio unitario gisa; hala, 17.746,73 euro gehi BEZ kostako dira. Bilduk eta Getaiko Independenteak baiezkoa bozkatu bazuten ere, EAJk argi utzi nahi izan zuen «zortzi aparkamenduei dagokion diru kopurua ez duela inoiz jasoko» Getariako herriak. «Getariako Udalak egindako akatsa herritar guziok ordaindu beharko dugu», salatu zuten jeltzaleek. Nika Lertxundi alkatearen iritziz, ordea, Getarian epe motzean osasun zentro berria izatea «lorpen garrantzitsua» izan da Getariako herriarentzat. «Krisi ekonomikoaren eraginez, Eusko Jaurlaritza murrizketak egiten ari da. Jaurlaritza berria agintean jarri zenean, hedabideetan argitaratu zen Getariako eta Eibarko osasun zentro berrien proiektuak zalantzazkoa zirela. Garai oparoetan Getariak osasun zentro berria lortu ez bazuen, oso garrantzitsua da krisi garaia lortu izana», azaldu zuen. Bestalde, Getariako Udal Gobernura iritsi zirenean osasun zentro berriaren gaia «zintzilik» zegoela ere salatu zuen. «Aurreko Udal Gobernuak Eusko Jaurlaritzari horretarako lur eremu bat eman zion ezeren truke, baina bertan osasun zentroa egiteko proiektuaren inguruan ez zegoen inolako hitzarmenik», azaldu zuen. Getariako osasun zentro berria errealitate izan zedin Getariako Udalak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatu behar izan zuela gogorarazi zuen Getariako alkateak. «Iruditzen zaigu herritarrek osasun zentro txukun bat izatea udalak izan behar duen helburuetako bat dela». Hala ere, Lertxundik arrazoi eman zion EAJri, eta garajeen erosleek ez dutela zertan Osakidetzari emandako garajeengatik ordaindu beharrik adierazi zuen. «Horregatik, arrazoi eman dizuegu, eta zuek jarritako helegitearen alde bozkatu dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide