Sistemari esker Getariako Udalak 10 lanpostu sortu ditu uda garairako, eta hori albiste ona dela uste du.
Aurten TAO sistemaren bidez kudeatu du portuko aparkalekua GetariakoUdalak (Aiora Larrañaga/Hitza)
Aurtengo udan Getariako sarreran ez dira sortu beste urteetako auto ilara luzeak. Izan ere,
azken urteetan Eusko Jaurlaritzak kudeatu izan du uda garaian portuko aparkalekua, eta gobernu aldaketarekin berriz ere Getariako Udalaren ardurapean geratu da zerbitzu hori. Getariako alkate Nika Lertxundik azaldu duenez, «oso gustura» daude emaitzarekin.
Aparkalekuak kudeatzeko modua bestelakoa izan da aurtengo udan. Eusko Jaurlaritzak portuko sarreran eta irteeran jarritako hesiaren bidez zuzentzen zuen ibilgailu joan-etorria. Udalak, berriz, TAO makinak jarri ditu portuan, eta bisitariek nahi izanez gero egun osoan autoa aparkatzeko aukera izan dute. «TAO makinen sistemarekin aurreko urteetan N-634 errepidean sortzen ziren auto ilarak ekidin ditugu. Gainera, TAO langileek aparkalekua ere ordenatu dute, eta ez dugu kexarik jaso udan zehar».
Krisi ekonomikoari aurre egiteko ere balio izan du portuan TAO sistema ezartzeak. «10 lanpostu berri sortu ditugu uda garairako, eta langabezia egoeran zeuden hamar getariarrei lana eman diegu», nabarmendu du Getariako alkateak. Eta gehitu: «Garai zaila dela kontuan hartuta, albiste pozgarria da hori».
Emaitza oso ona izan bada ere, aparkalekuen kudeaketa Getariako Udalak bere gain hartu izanak «arriskuak» ere badituela argi utzi du Lertxundik. «Bisitari asko izan ditugu uda honetan, eta horri esker aparkalekuen kudeaketa sistemak dakartzan gastuei aurre egiteko aukera izango dugu. Jakin bagenekien ordea, uda txarra egin izan balu eta bisitari gutxi etorri izan balira, galerak izan genintzakeela eta udalak dirua jarri beharko lukeela horri aurre egiteko. Zorionez, ez da horrelakorik gertatu, eta oso gustura gaude».
Eskolan egokitzapen lanak
Getariako Udalak uda garaia Iturzaeta Eskolan hainbat aldaketa egiteko ere aprobetxatu du. Gero eta gehiago dira eskolako jangelan bazkaltzen duten haur eta gaztetxoak, eta azken urteetan txiki geratu da jangela. «Herritarren eskaera bete, eta jangela handitu dugu. Sukaldean lanak egin behar genituela aprobetxatuz, galdararen tximinia ere berritu dugu. Ekainean abiatu genituen lanak, eta aste honen amaierarako bukatuko ditugu». Eskolan barruko lanekin batera, kanpoko hesia ere berritzea erabaki zuen Getariako Udalak. Beraz, ikasturtea berrikuntzez beteta abiatuko dute getariako haurrek eta gaztetxoek.