Balentziaga kaleko garajeen lanak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten dute

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko irailaren 6a

Balentziaga kaleko garajeen lanak erritmo onean doazela azaldu du Getariako Udalak. (Aiora Larrañaga/Hitza) Aparkalekua aurkitzea herritarren egunerokoan arazoa bihurtu da zenbait udalerritan. Izan ere, gero eta kotxe gehiago dago herrietan, eta geografiaren eraginez aparkatzeko espazioa mugatua denez, jira eta bira ibili beharra izaten dute herritarrek toki bila. Aparkaleku arazoari irtenbidea emateko Getariako Udala Balentziaga kalean garajeak eraikitzen ari da, eta lanak oso erritmo onean doazela azaldu dute arduradunek. «Horrela jarraituz gero, ez dirudi atzerapenik izango denik, eta hasiera batean aurreikusitako epeak beteko direla uste dugu. Beraz, urte amaiera baino lehen bukatuta egongo dira garajeak», zehaztu dute. Udalaren iritziz «Getariarentzat oso proiektu garrantzitsua da Balentziaga kaleko garajeena, herrian dagoen behar bati erantzungo baitio.Aparkalekuen arazoak herritar askori eragiten die egunerokoan». Horrenbestez, getariarrak udaletxera hurbildu eta proiektuaren inguruko informazioa jasotzera animatu dituzte udal ordezkariek. Oraindik garajeen inguruko informazioa eskuratu ez duten herritarrak garaiz dabiltzala azaldu du udalak. «Irailean udal bulegoetan informazio pertsonalizatua eskainiko dugu. Gaiaren inguruko informazioa nahi duten getariarrek 943-89 60 24 telefonora hots egin, eta txanda hartu beharko dute». Udaleko bulegoetan garajeen prezioak, zein aukera dauden edota baldintzak zein diren azalduko diete interesatuei. Horretaz gain, herritarrek jarraitu beharrko izapideak zein diren ere zehaztuko diete. Balentziaga kaleko garajeen kanpaina amaitzen denean, eskaera guztiak aztertuko ditu udalak. Hori kontuan hartuta, aparkalekuek izango dute izaera eta behin betiko erabakiko du Getariako Udalak: emakida edo salmenta dira aurkeztu dituzten bi aukerak. Udala informatzen bilera Datorren asteartean 19:00etatik aurrera Udala informatzen hilero egiten den aurkezpen irekia egingo du Udal Gobernuak, herritarrei udaleko azken berriak azaldu eta informazioa emateko. Besteak beste, Katrapuna plazako postuen, Salbatore jaien eta portuko aparkalekuen balorazioa egingo dute. Balentziaga kaleko garajeen berri emango dute, eta eskolako jangelari eta udazkenari begira dituzten asmoak izango dituzte hizpide. Zenbakia 853 Aparkaleku dago egun Getarian. 519 aparkaleku portuan daude, eta gainerako 334ak herrigunean zehar sakabanatuta daude. Horiei garaje pribatuak gehitu behar zaizkio. Auto kopuruari dagokionean, berriz, 1.126 2013ko martxoan auto pribatu zeuden zenbatuta Getarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide