Adituek azaltzen dutenez, ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat «onuragarria» da itsasoan bainatzea. Alde batetik, uretan aske sentitzen direlako, eta zenbait kasutan galduta izaten duten mugimendu sentsazioa berreskuratzen dutelako, eta, bestetik, itsasoko urak osasunarentzat propietate oso onak dituelako.
Malkorbe hondartzan ezindu fisikoei zuzendutako bainu egokitua zerbitzua osatu dute (Aiora Larrañaga/Hitza)
Hori jakinda, ezintasun fisikoak dituzten pertsonak lasai eta eroso Malkorbe hondartzan baina daitezen bainu egokiturako zerbitzua jarri du abian Gurutze Gorriak. Uztailean eta abuztuan Kutxabankeko Gizarte Ekintzak eta Eroskik emandako diru laguntzari esker, bi soroslek eskainiko dute espresuki zerbitzu hori.
Bainu egokitu zerbitzua astelehenetik igandera 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eskainiko dute. Programaren arduradunek jakinarazi dutenez, 617-45 21 53 telefono zenbakira hots egin, eta hitzordua hartzea komeni da, «modu horretan inork ez baitu itxaron beharrik izango».
Zarauzko Gurutze Gorriko lehendakari Felix Zubiak azaldu ditu nondik norakoak: «Malkorbeko hondartzak baldintza ezinhobeak eskaintzen ditu ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat bainu egokitu zerbitzua eskaintzeko. Alde batetik, itsaso barea du egunero, eta hondartzaren hondoa pixkanaka hazten doanez, oso atsegin da. Bestetik, aldagelak, ezindu fisikoentzat komun egokituak eta aparkalekua daude hondartzan bertan». Orain arte Getariako Gurutze Gorriak zerbitzua eskaintzen zuen, baina hondartza zaintzen ari ziren sorosleak izaten ziren ezindu fisikoekin uretara sartzen zirenak. «Zerbitzua eskaintzeko hondartzako zaintza hanka-motz geratzen zen. Horregatik zen guretzat garrantzitsua bainu egokiturako sorosleak izatea».
Egoeraren jakitun zen Getariako Udala, eta azken hilabeteetan orain arte Malkorben eskaintzen zen bainu egokitu zerbitzua osatzeko «ahalegin berezia» egin du. «Iruditzen zaigu ezintasunak dituen jendea ahal den ondoen zaintzea eta haren beharrak asetzea gaur egungo gizartean landu beharreko arloa dela, arreta berezi horrekin gainontzeko pertsonok ditugun aukerak izango baitu hark ere. Getariako Malkorbe hondartza oso aproposa da
ezintasun fisikoak dituzten pertsonak bainatzeko eta hondartzaz gozatzeko. Horregatik, zerbitzua hobetzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu», adierazi du Nikanor Lertxundi Getariako alkateak.
Malkorbe hondartzak bainu egokiturako baldintza ezinhobeak ditu.
Bainu egokiturako zerbitzua Getariako eta eskualdeko herritarrez gain, Euskal Herritik eta Espainiatik etorritako ezindu fisikoek ere erabiltzen dute. «Iaz, esarerako, Logroñotik autobus bat etorri zitzaigun».
Kutxabankeko Gizarte Ekintza Sailak eta Eroskik emandako diru laguntzek ahalbidetu dute bainu egokiturako zerbitzua hobetzea. Kutxabankeko Gizarte Ekintzako ordezkari Iñaki Altunaren iritziz, mota horretako proiektuak «oso aberasgarriak» dira gizartearentzat. «Bainu egokituaren proiektua laguntzen aintzindari izan ginen Hondarribiako hondartzan. Esperientzia oso positiboa izan da guretzat, jendearen irribarrea ikusten
duzunean, proiektuak benetan merezi izan duela argi ikusten baita».
Krisi garaia ekonomikoki une zaila den arren, bainu egokiturako programa «bultzatu beharreko» proiektua zela argi izan zuten Kutxabankeko Gizarte Ekintzan. «Getariatik laguntza eske etorri zitzaizkigunean, ahalegina egin eta proiektua aurrera ateratzeko diru laguntza bat osatu genuen. Datozen urteetan ere elkarlana posible izatea gustatuko litzaiguke».