Kapelen eta burukoen maisu

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 4a

Zer ezkutatzen duen ez didanean ikusten uzten orduan hasten bainaiz ezkutukoa...nere barruan bizten diren bazter miresgarriak ikusten. Mikel Laboaren kantuan bezala, Xanti Egurbide bere baitako txokoak deskubritzen hasi zen duela urte eta erdi eskas. Lanbroak estalita zuena azaleratu zuen hala: kapelgintzarako grina. Xanti Egurbide Salbatore Deunaren elizako eskaileretan Lua dendan gaurtik igandera erakutsiko dituen zenbait burukoekin eta kapelekin (Amaia Ventas/Hitza) Duela gutxitik dabil mundu horretan, baina «garai biziak» izan direla dio getariarrak. «Azken denboraldian kapelgintzan buru-belarri nabil lanean». Lan horren lagin bat izango da ikusgai gaurtik igandera bitartean, Getariako Lua arropa dendan. Gaur inauguratuko du erakusketa 20:00etan, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu ditu. Izan ere, herrira egindako bisita aprobetxatuz, getariarrei omenalditxo bat egin nahi die Egurbidek: «Herrira itzultzen naizen bakoitzean inoiz joan ez banintz bezala sentitzen naiz. Hainbat urte daramat kanpoan bizitzen, eta oso onartua sentitzen naiz bueltatzen naizen bakoitzean. Hori ospatzeko antolatu dut erakusketa hau, herritarrekin partekatueta nire lana erakusteko». «Beti ibili naiz sormen giroan. Izatez irakaslea naiz, baina antzerki munduan murgilduta nengoen garai hartan. Maskarak-eta egiten nituen, barrokoak. Altzariak ere apaintzen nituen garai batean, baita operarako zein zinemarako jantziak egin ere». Alde kreatibo hori are gehiago lantzeko kapelgintza ikastaro bat egitea erabaki zuen gerora. «Irakaslea zoragarria zen, gogotsua. Ofizioaren pasioa helarazi zidan». Liluratuta, kapelak eta burukoak sortzen hasi zen, eta zailtasunei aurre egiteko beste zenbait ikastaro ere egin zituen. Askotariko apaingarriak Egun, Alcoin (Valentzia, Herrialde Katalanak) bizi da, eta bertan dauka lantegia. Inguruneak arlo horretan lan egiteko aukera ematen duela dio. «Moros y cristianos deritzon festa izugarri bizi dute hangoek. Beste mundu bat da, jendeak garai bateko arropak eta kapelak janzten ditu, eta beste batzuk erabat fantasiakoak». Hala, material eta mota askotako kapelak zein burukoak egiten ditu Egurbidek. Zurrunak, arinak, zetazkoak, feltrozkoak, udakoak, negurakoak, ezkongaientzakoak... Eskuz egiten ditu guztiak, bezeroaren neurrira, enkarguz. Horrek atzean «lan handia» duela dio. «Bezeroaren beharretara moldatzen gara. Ezkontza batera joateko pamela bat behar badu bezeroak, haren soinekoaren oihala oinarri hartuta diseinatzen dut. Materiala bilatu, lumak eta bestelako apaingarriak tindatu...». Hain zuzen, materialak dira getariarraren inspirazio iturri. «Alderantziz egiten dut nik prozesua. Diseinatu eta gerora materiala aukeratu beharrean, lehenbizi gustatzen zaidan materiala topatu, eta hortik hasten naiz kapela egiten». Mundu «oso zabala» da kapelgintzarena, eta horretan sakontzeko asmoa du. «Sormena lantzeko aukera ematen du, eta hori lantzen jarraituko dut».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide