«20 film baino gehiagorako jantziak egin dituenaren lana aitortu beharra dago»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko ekainaren 25a

Cristobal Balentziaga diseinatzaileak arlo askotan egindako lana ezezaguna da oraindik. Getariarrak zinemarekin zuen harremana, esaterako, gutxi landu izan da haren lana aztertzerako orduan. Horregatik, Cristobal Balenciaga Museoak Zinema, Balenciagaren amets bat erakusketa ireki du. Pedro Usabiaga da komisarioa, eta diseinatzaileak zinemarekin izandako harremanean sakontzea du helburu. Uda sasoian egongo da ikusgai,  eta formatu handiko ehun argazkik osatzen dute. «Balentziagaren inguruan asko ikertu izan da, baina oraindik sortzailearen aspektu ugari ezezagunak dira. Museoaren eginkizunetako bat lanketa hori bideratzea da, eta erakusketa hau ikerketa lan horren emaitza da. Hamarkada hauetan guztietan adituek uste izan dute Balentziaga jostundegiko lanean, jantzigintzan eta bezeroarekin zuzeneko harremanean zentratuta zela, eta ez zuela interesik jarri harreman sozialetan», azaldu zuten. Usabiagaren ikerketa lanak, ordea, agerian utzi du Balentziagak zinemarekin lotura estua izan zuela, eta bere diseinuak hogei film baino gehiagotan ikusgai izan zirela. «Oso erakusketa erakargarria da, uda garairako apartekoa», azaldu zuen Cristobal Balenciaga Fundazioko zuzendari Javier Gonzalez de Duranak. Ava Gardner, Maria Felix, Conchita Montenegro, Romy Schneider, Marlene Dietrich, Brigitte Bardot edota Ingrid Bergman aktoreak jantzi zituen filmetan, besteak beste, eta haien irudiak daude erakusketak. Zineman egindako lana Pedro Usabiagak erakusketaren aurkezpenean Pedro Almodovar zinema zuzendariaren esanak ekarri zituen gogora. «Almodovarrek dionez, zineman jantziek berebiziko garrantzia dute, protagonistaren egoeraren inguruko informazioa ematen eta ikuslea istorioan murgiltzen laguntzen baitute. Jantziak, musikarekin batera, oso garrantzitsuak dira». Cristobal Balentziaga lau hamarkadatan aritu zen garaian garaiko zuzendariekin eta emakumezko aktoreekin elkarlanean. Dena dela, Usabiagaren esanetan «ez da erraza izan erakusketa osatzeko materiala aurkitzea, batez ere Balentziagaren soinekoak oso-osorik ikusten ziren eszenak aurkitzea». Orain arte zenbait adituk Balentziaga ez du kontuan hartu zinema diseinatzaile moduan. «Izan ere, uste da zinemako diseinatzaileak ez duela aktore nagusia soilik jantzi behar, bigarren mailako pertsonaiak eta figuranteak ere jantzi behar dituela, alegia. Hori horrela da, baina uste dut ezingo liratekeela zinema diseinatzaile moduan hartu Dior, Balmain edo Givenchy, horiek ere aktore nagusiak soilik jantzi dituztelako. Horregatik, hogei film baino gehiagorako jantziak egin dituen diseinatzailearen lana aitortu beharra dago». Erakusketan bildutako funtsak Espainiako Filmotekarenak, Telecine Documentation agentziarenak eta Luis Gascaren bilduma pribatukoak dira; 1970. hamarkadan Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izan zen Gasca.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide