Iraunkortasunaren alde dantzan

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko maiatzaren 21a

Getarian herritarrak dantzan, pasa den larunbatean.(Leire Ventas/Hitza) Dozenaka herritar bildu ziren larunbatean Getarian, iraunkortasunaren aldeko aldarrikapen dantza egitera. Gipuzkoa Zero Zaborrek antolatutako egitasmoa babestu zuten, hala. Mundumob-a. Eman hartu nahi duzun mundua lelopean, herririk herri dantzan jarri nahi ditu taldeak gipuzkoarrak. Probintziako lehen «zero zabor herrian», Orendainen, hasi zuten ekimena maiatzaren 4an, eta Donostian amaitzekoak dira, Gipuzkoako hiriburuan, ekainaren 8an. Biran daude orain. Larunbatean getariarrei egokitu zitzaien dantza egitea, eta bai dantza egin ere. Eguraldiak lagundu ez bazuen ere, giro beroa sortu zen alondigan. Belaunaldi askotako herritarrak bildu ziren, hori baita ekimenaren muina: «Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinekin uzteko bete beharra». Iraunkortasuna ardatz hartuta bertsoak abestu zituzten, pailazoarekin dantzatu, eta mundua irudikatzen zuen bola eskuz esku batak besteari pasa. Ondoren, Munduaz gozatzeko txokolate jana egin zuten guztiek elkarrekin. Zarautzen ere hainbat ekimen egin zituzten Mundumobaren inguruan. Ostegun arratsaldean aurkezpen ekitaldi koloretsua izan zen Modelo aretoan. Besteak beste, Zero Zabor taldeak aurrez burututako ekimenen irudiak—Zurriolan egindako mosaiko erraldoia, Zubietako flashmob jendetsua, eta lehenbiziko Mundumob ekitaldia Oreindainen —eskaini zituzten. Ekimenari atxikitako eragile eta herritarrak aipatu eta Mundumobaren muina irudikatu zuten, belaunaldiz belaunaldi eta eskuz esku mundu bola pasatuz. Ostiralean flashmob estiloko dantza entseatu zuten herritarrek, eta igandean kantujira egin zuten herriko kaleetan zehar. Horrez gain, azken Mundumob ekitaldiaren bezperan, ekainaren 7an Zarautzen dantza entseatuko dutela gogorarazi zuten, «zarauztarrak Donostian barregarri gera ez daitezen». Hilaren 24an, berriz, Azpeitian egingo dute dantza, 19:00etatik aurrera, herriko plazan. Erguin eta Maia Kanta Karlos Gimenezek egin du, eta Jon Maia bertsolari zumaiarrak jarri dio letra. «Mundua eta gu bat garela islatu nahi izan dut. Edozer egiten dugula ere, gure onerako edo gure kalterako izango da. Mundua gure parte da, gure gorputza balitz bezala. Gure interbentzio orok eragingo du munduan, beraz. Gizartea, kultura, natura... Guztia ikuspegi bakar batean txertatu behar da, eta guztia zaindu. Hori adierazi dut behin eta berriz, mundua ondorengo belaunaldiei guk jaso baino modu hobeagoan uzteko». Koreografia, berriz, Mikel Erguinek sortu du. Zaborra zabortegitik ateratzeko prozesua irudikatu du dantza horretan. «Errota itxurako pausoak zaborra nola lantzen den erakusten dute. Gerora eskuekin zaborra birziklatzean egiten den mugimendua errepikatzen da, eta amaieran birziklatutako zabor hori munduari eskaintzen zaio ». Aurrez ere dantzari zarauztarrak jardun du elkarlanean zero zaborrekin. Berak egin zuen baita ere Zubietako flashmob-eko koreografia. «Oroitzapen goxo hori berriz ere errepikatuko dela uste dut. Jendearen erantzuna oso ona izaten ari da, gozatu egiten dute dantzan». Informazio gehiago edota asteburuko argazki zein bideoak ikusi nahi izanez gero, bisitatu Gipuzkoa Zero Zaborren webgunea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide