(Aiora Larrañaga/Hitza)
Ladislao Aymatek 24 urte daramatza geologia aztertzen. «Ez naiz aspertu oraindik». Asko dakien arren, ikasteko gehiago duela dio. «Errealitate edo egiatik geroz eta gertuago zaudela pentsatzen baduzu ere, ohartzen zara ziurgabetasun handi hori mugatu besterik ez duzula egiten. Hori da metodo zientifikoa: arazo baten aurrean hipotesi edo erantzun bat baino gehiago aurki dezakezu».
Erantzunen bila dabil egun Getarian buru-belarri. Pasa den igandean Iribarrena kaleko etxepeko 20 metro petril eta labar zati handi bat erori ziren. Itsasoaren higaduragatik murru naturala mehetu, eta eraikina eta amildegiaren arteko tartea murriztu denez, badaezpada, ingurunearen azterketa sakonagoa egitea adostu zuen orduan Getariako Udalak. Aymat da gunea ikertzen ari den profesionaletako bat.
Zer nolako azterketa ari zarete egiten?
Egia esan, gure elkartea, Aymat Geoteknia, duela hiru urtetatik ari da gune hori aztertzen. Orduan Menditxo komunitateak eta amildegiaren behekaldean dagoen Viveros San Anton enpresak izan zitzazketen arriskuak baloratu genituen. Bagenekien halako ezbeharren bat gerta zitekeela, data hauetan zehazki; ez gaitu ustekabean harrapatu, hortaz.
Nolakoa izango da prozesua?
Orain amildegitik behera erortzeko arriskuan dauden guneak botatzen ari gara, modu kontrolatuan. Eskuz egin beharreko
lana da hori. Irisgarritasun arazoak direla eta, ezin da lan tresna astunekin sartu gune horretara.
Segurtasun langileez gain, bi langile mailu kolpekariekin gunea aztertzen ari dira. Horiek bizitzaren lerroa deritzon kable bati lotuta ari dira lanean, luiziren bat egonez gero, arnesetik zintzilik gera daitezen. Beste langile batek balkoi irtena zaintzen du, metro bateko distantziatik, gunean pitzadurarik-edo sortzen den ala ez gainbegiratzeko.
Zolarria ia guztiz eraitsi dugu gaur [herenegun], eta iparraldera dagoen harrizko horma desmuntatzen hasi gara, eskuz. Hegoaldeko pareta eraistea falta da orain. Horrez gain, laginak hartzen eta horiek auskultatzen ari gara, eta baita eremu horretako pitzaduren garapena aztertzen ere.
Zer aztertuko duzue zehazki?
Harrizko horma bera, eta baita Iribarrena kaleko eraikinaren zimenduak ere. 2012ko ekainean egindako ikerketa bati esker etxea harrian zimendatuta dagoela jakin genuen. Zapata batzuk—etxearen zutabeen eta harriaren artean jartzen diren pieza horizontalak— lurra erregulatzeko jarri zituzten harri koskor handien gainean daude kokatuta. Luizia gertatu den guneko zimendu zatia, ordea, epe motzean soilik da segurua. Zati horren ertza amildegitik metro batera geratu da. Dena den, oinarrian duen harri zatia nahiko egoera onean dago.
Zer ondorioztatuko duzue azterketa sakon horrekin?
Hurrengo faseetan zer egin behar den zehaztuko du horrek. Paretaren ezponda edo makurdura, eta beharrezkoa bada, eraikina egonkortzeko zein pauso jarraitu behar diren ezagutuko dugu.
Etxearen kokapena arriskutsua al da?
Bai, hala da. Etxea arrisku handiko gune batean dago eraikita.
Higaduraren arriskua ikusita, zein alternatiba egon daiteke etxe hauentzat?
Arriskua ekidin daiteke horma egonkortuz. Etxeei dagokienez, ez dakit zein alternatiba egon daitekeen.
Zein neurri har daitezke halako ezbeharrik berriz gerta ez dadin?
Lehenik eta behin, geologo batek etxearen kokapena sakon aztertu beharko luke. Egun ohikoa da halako azterketa geoteknikoak egitea, EKT Eraikuntzaren Kode Teknikoaren bidez, esaterako. Baina eraikin horrek 51 urte ditu, eta garai hartan ez zeuden egun ditugun erregulazioak.
Flysch-aren gainean dago eraikita etxea. Oso ohikoa da hori gure kostaldean, sandwich bat dirudi eta nahiko problematikoa izaten da. Hori dela eta, gune horretan etxerik eraikitzea posible den arreta handiz aztertu beharra dago. Zentzu horretan, halako ezbeharrak ekidin ahalko genituzke .
Nola eragiten du higadurak harrizko horman?
Getariako horma hori marga eta hare-harri estratuz dago osatuta; geruza gogor eta bigunez, hain zuzen. Gune bigunak gogorrak baino azkarrago higatzen dira. Higadura diferentziala deitzen zaio fenomeno horri. Ondorioz, higatutako geruzak erori egiten dira, bloketan.
Higadura haitzaren barnealdera sartzen denean, geruzen norabidearen zentzu perpendikularrean haustura bat gertatzen
da, eta horrek erortze orokor bat sor dezake; hori gertatu da Getarian.
Sandwich-a hautsi egin da.
Nolakoa izan da harriaren higaduraren garapena azken urteotan?
Paretari eusten dioten iltzeen luzera—bi metro— ikusita, eta duela 20 urte jarri zituztela kontuan izanda, erraza da hori kalkulatzea: urteko 10 zentimetro higatzen da harria. Ikaragarria da hori. Horrek argi uzten du kostako errepidean egin behar izaten diren lanen garrantzia.
Gizakiaren esku hartzeak zenbateraino eragin du?
Egun pareta babesten duten sare zein iltzeek harriari tira egiten diote, kanporantz. Bere garaian harrien erorketatik babesteko balio zuten horiek, baina egun, lagungarria izan beharrean, kaltegarriak direla deritzot.
Ohikoak dira halako erorketak zonalde honetan. Getariakoak zerikusirik ba al du urtero kostaldeko errepidean gertatzen diren luiziekin?
Bai, hala da. Euri asko egiten du, eta, ondorioz, luizi ugari izaten da Zarauztik hasi eta Getxora bitartean. Egunerokoa da.
Iribarrena kaleko etxepeko eta kostaldeko errepideko hormak material berekoak dira, flysch-a da. Hitz horrek irristatze esan nahi du alemanieraz, hain zuen, ur azpiko labaintzeen ondorioz sortu baitzen eite hori. Hori dela eta, oso gune ezegonkorra da, eta ez du erremediorik.
Euskal Herriko kostaz gain, ba al da halako beste zonalderen bat?
Europan badaude halako guneak, batez ere Alemanian eta Finlandian. Material bereko paretak daude, eta halakoak behin eta berriz gertatzen dira herrialde horietan ere.
Ladislao Aymatek egindako marrazkia (Hitza)
GERUZA HAUSKORRAK
Flysch-a arroka sedimentario sekuentzia bat da, ozeano sakoneko orogenian garatu dena. Geruza gogorrak eta bigunak tartekatzen dira gune horretan, eta tolesdura geologikoak direla eta, geruzok bertikalak edo zeiharrak dira. Egoera ez-horizontal horrek higadura errazten du, geruza ugari agerian utziz. Hori gertatu da, hain zuzen, Getariako harrizko horman. Marga harrizko estratuak azkar higatzen dira, eta pixkanaka erortzen joan. Are gehiago zonalde horretan, itsasoak zuzenean eragiten baitio. Higadura arrokaren barnealdera iristen denean, geruzetan zentzu perpendikularrean haustura gertatzen da. Azken hogei urteetan urteko 10 zentimetro higatu da pareta hori .