(Argazkia: Cesar Lucas)
Artearen eta modaren arteko mugetan dabil Candela Cort (Madril, 1959). Artista espainiarrak arrakasta itzela lortu du eskuz landutako kapela eta buruko ikusgarriekin. Munduko hainbat hiritan ikusi ahal izan dira bere lanak, baita antzerkian, zineman eta musika-ikuskizunetan ere. Orain, Balentziaga museoko atarian jarri ditu erakusgai,
Burukodun burukoak izenburupean; hilaren 26ra arte ikus daiteke.
Balentziagari kapela jartzeko ardura hartu duzu.
Bai, ardura hori hartu dut, baina bere ondoren. Horretaz bera arduratu baizen bere garaian.
Nola sortu zaizu aukera?
Kristobal Balentziagaren mireslea naiz. Mundu honetan mugitzen garen askorentzat maisua da. Museoa bisitatu nuenean,leku ederra iruditu zitzaidan. Hori horrela, Balentzagaren lana ardatz hartuta erakusketa bat egin nezakeela bururatu zitzaidan. Museoari proposatu nion, eta abagune hori eskaini zidaten.
Erakusketan paratu duzunak Balentziaga izan du ardatz. Beraz, aurretik aurkeztu gabea izango da, ezta?
Horrela da. Aurretik ez dut beste inon erakutsi. Museorako egin dut espreski, eta erakusketa hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoan, Balentziagaren soinekoen argazkiekin
collage moduko bat egin dut, maniki txiki batzuei jarrita, eta horiei nire kapelak jarri dizkiet. Estatiko samar geratzen zirenez, alanbre batzuekin jokatu dut, eta mugimendua eman diet. Bigarrenean, haren soineko zatien 10 argazki ezarri ditut. Hirugarrenean, azkenik, azken urteetan ekoitzitako buruko eta kapela batzuk bildu ditut, tamaina naturaleko manikietan.
Balentziagaren joskintzan oinarrituta al zeuden aurretik eginda zeneuzkan lanek? Zerikusirik ba al zuten haren estiloarekin?
Ez, nire estiloa zuten. Sortze prozesuan nire ikuspegi pertsonala izan dute beti, eta ez dut uste bereziki Balentziagaren eragin zuzena dutenik. Nahigabe bada ere, guztiok ongi barneratuta ditugu gure sustraiak.
Erakusketa hau mugarri izango al da izure ibilbidean?
Sortzen dudan pieza bakoitza izan ohi da mugarri niretzat. Emandako urrats guztiak markatzen dute norbere sorkuntzan.
Kasu honetan, Balentziagaren estiloa nola antzeman daiteke zure kapeletan?
Balentziagak erabilitako oihalei arreta berezia jarri diet, baita ehundurei ere. Haren mozketak asko inspiratu naute, dela gaueko soinekoetan dela
sport joerako jantzietan. Soineko bakoitzaren arabera egin ditut burukoak, bakoitzak inspiratzen zidanaren haritik betiere.
Burukoen burukoak (Cabezas tocadas) izenburua jarri diozu erakusketari, hitz jokoa eginez.
Egia esan, zalantza dezente izan nuen izenburua jartzeko orduan. Azkenean, Balentziaga museoko zuzendari Javier Gonzalez de Duranak erabaki zuen. Euskarara nola itzuli zuten esan zidatenean ulertu nuen zergatik jarri zion horrela: oso ongi ematen zuen belarrietara. Izenburu hori jartzearen arrazoi nagusia itzulpena bera izan zela uste dut.
«Aske sentitzen naiz», adierazi duzu erakusketaren oharrean, baita zure sorkuntzek «askatasuna» igortzen dutela ere.
Aske sentitzen naiz, eta betidanik sentitu naiz horrela. Nik Arte Ederrak ikasi nituen, eta kapelugintza nire kabuz ikasi nuen, autodidakta gisa. Gaur egun, edozein moda eskoletan edo akademietan irakasten dute kapelak egiteko teknika. Ni, ordea, nire kasa moldatu eta trebatu nintzenez, ez naizela kapelugina esan ohi dut. Nire teknika oso nirea da, eta ez dut kapeluginen modura lan egiten, ezta kapelugintza tradizionalean erabiltzen diren tresneria erabiltzen ere. Beraz, nire lan egiteko modua oso librea izan da beti. Jostunekin elkarlanean aritu banaiz ere, ez dut kolekziorik aurkezten urtean zehar. Duela 25 urte egin nituen burukoek gaurkotasun handia izaten jarraitzen dute. Ildo bera jarraitu dut hasiera-hasieratik, nahiz eta eboluzionatu dudan eta, agian, perfekzio gehiago duten egungoek.
Eta zein da jorratzen duzun ildoa?
Hasi nintzenetik ezaugarri jakin batzuk izan dituzte nire lanek. Arinak, malguak, etereoak eta moldagarriak dira, eta mota guztietako materialekin ekoitzita daude; besteak beste, plastikoa, papera eta kapelugintzako materialekin. Espektro zabala dut.
Egiten duzuna moda da, artea... Zuk nola definituko zenuke?
Inorena ez den lurretan mugitzen naiz. Moda munduarekin erlazionatzen naute batzuek, eta beste batzuek, aldiz, artearekin. Diziplina jakin batean sailkatuta ez nagoenez, aske sentitzen naiz.
Gainera, artisau lana egiten duzu; hau da, eskuz lantzen duzu buruko bakoitza. Alde horretatik, pieza bakoitza bakarra izango da, ezta?
Gutxi gorabehera, halaxe dira. Buruko bat errepikatzen saiatzen naizenean, ez zait ateratzen. Ez dakit nire burua kopiatzen. Jendeak esaten dit batek edo bestek kopiatu egin didala, eta nik «
chapeau!» erantzuten diet, ni ez naizelako gai. Niretzat ez dago gauza okerragorik buruko berdin bat berriz egitea baino, asko saiatuta ere ez baitzait ateratzen.
Nola izan ohi da zure sortze-prozesu? Zer hartzen duzu kontuan burukoak diseinatzerakoan?
Oso intuitiboa naiz nire lanean. Nire sena baliatzen dut horretarako. Buruko bat ekoizterakoan, agian erakargarria zaidan ideia edo material batetik abiatzen naiz, baina inoiz ez dut jakiten nora iritsiko naizen, ezta nola bukatuko dudan ere. Ezustekoa eman diezadaten gustatzen zait.
Eta zure burukoak edonork jantzi al ditzake?
Edonork erabili ditzake, baina egunero erabailtzeko baino gehiago ospakizun berezietarako dira. Material delikatuez egina dago, eta ez dira merkatura joateko.
Erabiltzeko baino gehiago erakusteko al dira ?
Ez, ez. Erabiltzeko dira. Nik, behintzat, etsenpluaren bidez predikatzen dut, eta erabili egiten ditut. Nik burukoak edo kapelak janztera animatzen dut jendea. Inaugurazioak, sari banaketa ekitaldiak eta urtebetetze festak horretarako aitzakia bikainak dira, ez bakarrik ezkontzak.
Jendea ez al da ba ausartzen?
Batzuk beste batzuk baino zaleagoak dira. Alde horretatik, ni saiatzen naiz jendea burukoak erabiltzera animatzen. Izan ere, kapelek festa izpiritua ematen dizute, eta aldartea aldatzen dizute.