Getariako toponimia bildu dute, eta erakusgai izango da ostiralean eta larunbatean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko apirilaren 25a

Mendeetan ahoz aho ibili dira tokian tokiko leku izenak. Adinekoen belaunaldiek eta horien arbasoek eremu bakoitza zegokion izen propioarekin izendatzeko ohitura zuten. Orain, ordea, ohitura hori galtzen ari dela antzeman du Getariako Udalak. «Adineko pertsonak hiltzen ari diren heinean, buruan zituzten leku izen horiek guztiak galtzeko arriskua dago. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaigun Getariako toponimiaren azterketa egin, eta herritarrek buruan gorderik dituzten leku izen guzti horiek jasotzea», azaldu du Nika Lertxundi alkateak. Horretaz gain, Getariako Surf Taldetik ere eskaera bat jaso zuten udalean kostaldeko lur mutur, hondartzatxo eta kaleen jatorrizko izenak berreskuratzeko eskatuz. Getariako toponimia aztertu dute (Gari Berasaluze) Herritarren ekarpena Ildo horretatik, toponimia azterketa abiatu zuten Getariako Udalak eta hainbat eragilek elkarlanean duela urte bete, Euskaltzaindiaren irizpideak jarraituta. Behin azterketa eginda, erakusgai jarri dute udaletxean eta getariarrek bertatik pasa eta bertan bildutakoa errepasatzea nahi dute orain. Bihar 18:00etatik 20:00etara eta larunbatean 10:00etatik 12:00etara izango da erakusketa zabalik, eta herritarrak bertatik pasatzera animatu nahi ditu udalak. «Norbaitek ikusten badu bildutako izen datutegia aberastu daitekeela, bere ekarpena ongi etorria izango da». Herria eremutan banatuta Azkerketa egiterako orduan herrigunea hiru eremutan banatu dute: San Prudentzio-Askizu auzoak, Eitza-Meaga auzoak eta kostaldea. Lan taldea ere hiru taldetxotan banatu da, eta bakoitzak eremu jakin bat jorratu du. Leku izenak identifikatu eta jasotzeko ingurua ondo ezagutzen dutenen laguntza izan du toponimia lantaldeak. «Ontzi txikietan arrantzan aritzen ziren Getariako arrantzale zaharrek, esaterako, ederki ezagutzen dituzte Getariako kostaldeko haitz eta lur muturrak. Horien laguntza ezinbestekoa izan da», azaldu du Aitor Irigoien zinegotziak. Dena ez planoan Azterketatik jaso diren leku izen guztiak ez dira planoan agertuko, «leku garrantzitsuenak soilik». Gainontzekoak udaleko artxiboak gordeko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide