Udalaren lan ildoak arloz arlo
- Euskara. Getariako Udalak euskara lehentasunen artean kokatzen du. Ildo horretan, Getaria Ueman sartu da; HITZA-rekin lau urteko hitzarmena sinatu du eta urtean 3.500 euro emateko konpromezua hartu du eta Artzaperi 7.500 euroko laguntza emango dio.
- Hezkuntza. Aldamar parkeko jolastokia berritu eta estaliko du eta haurreskolako proiektua abiatuko du.
- Kultura. Festa herrikoien aldeko apustua mantenduko du Udalak. Memoria historikoaren berreskuratzea bultzatuko du eta Udalaren lokalen inguruko plangintza integrala egingo du eragileen beharren arabera.
- Ongizatea. Zerbitzu sozialak mantendu eta areagotzeko konpromezua hartu du Udalak.
- Hirigintza. Balentziaga kaleko garajeak urrirako eta goiko eraikina urte amaierarako bukatuta izatea aurrikusi du.
- Hondakinen politika. Gaikako bilketa indartzeko kontzientziazio kanpaina martxan jarriko du.
- Turismoa. Turismoko Plan Estrategikoa garatu du Udalak 2013an zehar, «euskal nortasuna kontutan hartzea eta herriaren neurriko turismo jasangarria bultzatzea» izango du xede. Ildo horretan, turismo bulegoa urtean zehar irekita izango da eta turistei zuzendutako mugikorrerako aplikazioa eta web-orria prest dira.
- Kirola. Udalak herritarrekin harreman zuzena sustatuko du Kirol Mahairen bidez.
- Gazteria. Gaztelekuaren jarduna bultzatuko du Udalak eta Getariako Gazte Asanbladarekin elkarlana sakonduko du.
- Naziotasuna. Udalak udalbatza sustatuko du eta Euskal Herria nazio gisa hartuko du erreferentziatzat datuak alderatzerako garaian.
- Udal funtzionamendua. Getariako Udalak herritarrekiko gardentasuna eta gertutasuna hobetu nahi du. Horretarako, besteak beste, aktak eta udalbatzar deialdiak Udalaren webgunean zintzilikatuko dituzte eta herriak adieraz-guneak jarriko dituzte elkarteen eta ekitaldien informazioa helarazteko.
Getariako Udala ez da «salbuespena», eta krisiaren eraginak pairatzen ari da. Hori dela eta, aurrekontuak egiterakoan «arduraz jokatu» eta aurretik zeuden hainbat prozedura eta ohitura aldatu ditu. Zorpetze maila mantentzea izan da aurrekontuak osatzekoan kontuan izan duten irizpide nagusia. «Gure ustez zorpetzea bai ala ez baino, zorpetzearen helburuetan eta edukian jarri behar da arreta, etorkizunean izan ditzaken ondorioak kontuan izanda».
Otsailaren 27ko Osoko Bilkuran onartu zuten aurrekontu proposamena behin behinean, Bilduren eta Getaraiako Independenteen botoekin. Martxoaren 21a bitartean jendeaurrean izango da, eta alegaziorik aurkeztu ezean, behin betiko bilakatuko da. Proposamenak egonez gero, horiek aztertu eta Ogasun Batzordean eztabaidatuko lirateke, ondoren, martxoaren 26ko plenoan onartzeko.
Udala ez hipotekatzeko
Udal Gobernua ez dago ados orain arteko eskemarekin: «Getarian makroproeiktu eta obra erraldoien ondorioz sortutako zorraren aurrean gaude». Zorpetze mugaren barruan dagoen arren—%25eko zorpetze mailatik behera dago—, kuantitatiboki handia dela diote udal ordezkariek. «Behar baino arrisku gehiago ez izateko eta udala ez hipotekatzearren», zorpetze maila baxuago baten aldeko apustua egin dute, beraz : «2012an ez genuen mailegurik eskatu, eta 2013an ere, hasiera batean behintzat, ez dugu aurreikusten mailegurik eskatzea».
Zorra kontrolatzeaz gain, herritarren partaidetzaz baliatu da Udal Gobernua aurrekontuak osatzeko. Ildo horretatik, lehenbiziko aldiz
Guztiok bat! prozesua abiatu zuen urtarrilean, herritarren ekarpenak eta eskaerak jaso eta aurrekontuak osatzeko: «Parte hartzea, informazioa eta gardentasuna bultzatu ditugu. Udal kontuak gardentasun osoz publiko egitearen aldeko hautua egin dugu». Era berean, askotariko herri mahai eta Getariako Udala Informatzen hileroko aurkezpen irekitan ere landu dituzte.
«Indar metaketa eta aniztasunaren alde egingo dugu, gainontzeko eragileekin elkarlan sustatuz eta akordioak erdietsiz»,a dierazi dute Udal Gobernutik. 2013ko aurrekontuak ere Bildu barneko alde eta eragileen zein Getariako Independenteen artean adostu dituzte. Alde horretatik, «oso pozik» dago Udal Gobernua; izan ere, puntu eta proiektu garrantzitsuak biltzen dituzte. Besteak beste, haurreskola proiektua abiatu eta hondakinen gaikako bilketa indartuko ditu.