Arrauna: ziklo baten amaiera iritsi da

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 13a

Getaria-Tolosa traineruak pasa den denboraldian Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi zuen. (Amaia Ventas/Hitza) Emakumezkoen tostako liga sortu zutenetik, Getaria-Tolosa traineruak oihartzun nabarmena izan du arraun munduan. Selekzio modura jokatzen zuten traineruei harrobia landuz goi mailan lehia daitekeela erakutsi die goi mailako taldeak lau urtean. Lau denboralditako zikloa pasata, ordea, Getaria eta Tolosa arraun elkarteen arteko elkarlana desegin da, eta udako traineru denboraldian ez dute Getaria-Tolosa trainerua uretaratuko. Getariako entrenatzaile Jabier Etxabek hala azaldu du: «Kide askok arrauna uztea erabaki dute, eta trainerua osatzeko arraunlaririk gabe geratu gara. Azken lau denboraldietan punta-puntan ibili gara, eta horrek sakrifizio handia eskatzen du; lana, ikasketak edota familia, arraunlari bakoitzak arrazoi desberdinak izan ditu arrauna uzteko. Horiek denak errespetatu, eta aurrera begiratu behar dugu orain». Arraunlari falta Emakumezkoen beste arraun taldeetan ez bezala, lau urtean Getaria-Tolosak ez du zailtasunik izan trainerua osatzerako orduan, orain arte. «Proiektu egonkorra izan dugu urte hauetan. Urtero atera dugu trainerua, baina tripulazioa zertxobait aldatu izan da urtero, oreka mantendu dugu», adierazi du Etxabek. Gaur egun emakumezko arraunlari gazteak badatoz atzetik, baina ez trainerua osatzeko nahi beste. «Bateletan jarraitzen dugu, eta trainerilla ateratzeko asmoa ere badugu; baina trainerua osatzeko talde garrantzitsua behar da, arraunlari askokoa, eta gaur egun ez dugu horretarako baliabiderik». Iazko denboraldian Getaria-Tolosa traineruak ez zuen beste urteetan bezalako emaitza onik lortu eta horrek arraunlarien motibazioan eragina izan duela uste du Getariako Arraun Elkarteko ordezkariak. «Trainerua bost urtetan zehar martxan izan da, baina bertan arraunean egiten zuten arraunlariak 10-12 ere bazeramaten tostartean. Oso kirol sakrifikatua da arrauna eta iristen da garai bat kirola bigarren plano batean utzi eta norberak bere bidea hartu nahi duena. Bakoitzak bere arrazoiak izaten ditu». Lankidetza gakoa Getaria-Tolosa traineruak azken denboraldietan emaitza onak lortu izanaren gakoa arraunlarien arteko elkarlana, laguntasuna eta proiektua aurrera ateratzeko gogoa izan direla uste du Etxabek. «Proiektu sendoa badago, eta arraunlariek helburu jakin bat partekatzen badute, hori lortzeko elkarlana eta gogoa ezinbestekoak izaten dira. Azken urteetan hori lortu dugu Getaria-Tolosa traineruan, eta lanketa bateratua eginez emaitzak ere onak izan dira. Dena dela, zikloa amaitu egin da, eta orain elkarte bakoitzak bere bidea jarraituko du», aitortu du. Getariako ordezkariaren iritziz, Getaria arraun elkarte txikia izanik, arraunlarien ahalegina eta konpromisoa ere «oso garrantzitsuak» izan dira. «Oso arraunlari onak egokitu zaizkigu azken urte hauetan; neska finak eta saiatuak dira, eta gogor egin dute lan. Hori hala, emaitza esfortzu horren ondorioa izan dira». Getariako Arraun Elkarteko ordezkarien iritziz, aurrerantzean elkartearen helburua gaztetxoengan arraunerako irrika sortzea izango da. Hala aurreratu dute, behinik behin, kideek. «Infantiletan, kadeteetan eta jubeniletan baditugu neska arraunlariak, eta orain horiekin lan egin behar dugu. Dena dela, jakin badakigu ziklo kontua dela. Getaria bezalako herri txiki batean ez da batere erraza emakumezkoen trainerua osatzea, emaitza onak lortu ahal izateko getariar gazte gehienek arraunean ibili beharko lukete, eta hori lortzea oso zaila da. Horregatik, lanketa handia egin behar dugu hemendik aurrera, eta egunen batean Getariako emakumezkoen arrauna berriz ere goi mailan ikusiko dugulakoan gaude». Zumaiako emakumezkoen trainerua ere emakumezkoen traineru liga sortu zenetik erreferentea izan da, Getaria-Tolosa traineruarekin batera. Zumaia taldea egonkortzen Iaz denboraldi hasieran taldeak une larriak bizi zituen, trainerua osatu ezinik ibili zirelako. Zumaiako Arraun Elkarteko ordezkari Aitor Manterolaren esanetan, aurten ez da izan halako zailtasunik, eta 18 arraunlari eta patroia ditu aurten emakumezkoen Zumaiako traineruak. «Iazko emaitza onak izango zuen eraginik horretan. Lehengo urteko taldetik gehiengoak jarraitu du; horretaz gain, Tolosatik beste hiru arraunlari ere etorri dira». Zumaiako Arraun Elkartearentzat ildo horretan elkartea indartu eta emakumezkoen traineruaren proiektua errotzen joatea da helburua. «Arraunlari asko ditugula aprobetxatu behar dugu etorkizunerako oinarri sendoa jartzeko, ez dadin pasa Getaria-Tolosa traineruari gertatu zaiona», adierazi du Materolak. Zumaiako Arraun Elkarteko ordezkariaren iritziz, emakumezkoen traineruen ligari hasi berria izanik, sendotasuna falta zaio. «Horrek aurrera egin dezan proiektu egonkor eta indartsuak behar dira eta horretan saiatu behar dugu arraun taldeok. Aurten getariarrak eta oriotarrak geratu dira trainerurik gabe eta beste elkarte askotan ere larri dabiltza; bestalde sortu dira talde berriak ere, Zarautz esaterako. Gora-beheratsua izaten ari da prozesua eta egonkortzen saiatu behar dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide