Getariako Irisgarritasun Planari bi igogailu berri gehitzea onartu du udalak

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko otsailaren 6a

Getariako Balentziaga kalea. (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Asteazken iluntzean ohiko udalbatzarra egin zuen Getariako Udalbatzak, eta hiru gai izan zituzten hizpide. Alde batetik, Getariako Irizgarritasun Plana egokitzea erabaki zuten udal ordezkariek ahoz batez txostenari bi puntu gehituz. Azken erabakien arabera, bi igogailu berri jartzeko lehen urratsak eman dituzte; lehenak Jose Agirre plaza eta Balentziaga kalea lotuko ditu, eta bigarrenak Balentziaga kalea eta Erruera kalea. Balentziaga kalean lur azpiko aparkalekuak egiten hasiak dira dagoeneko (O.L.A./Hitza) Bi puntu berriei onarpena emanda, etorkizunean horiek jartzeko diru-laguntzak lortzeko aukera izango du Udalak. «Irisgarritasunaren inguruko xehetasunak plan batean onartu beharra izaten ditugu, diru-laguntzak eskatzerako orduan bat bateko burutapenak izan ez direla eta aurretik lanketa bat egon dela ziurtatzeko. Udalbatzarrean, txostenari bi igogailu berri gehitu badizkiogu ere, etorkizun hurbilean Balentziaga kalea eta Erruera kalera lotuko dituen igogailua egingo dugu» azaldu du Nika Lertxundi alkateak. Irisgarritasun irizpideak Balentziaga kalean amaitzen dira egun eskailera mekanikoak eta Erruera kalera joateko ez dago herritarrentzat laguntzarik. «Eskilara mekanikoek ez dituzte irisgarritasun irizpideak betetzen; izan ere, eskilara mekanikoak kalean gora igotzeko soilik erabali daitezke eta adineko pertsonentzat traketsak geratzen dira» adierazi du Lertxundik. Balentziaga kalea eta Erruera kalea lotuko dituen igogailua Balentziaga kaleko lur azpiko aparkalekuak egiteko lanetik batera egingo dute. Helegitea ezeztatuta Asteazkeneko udalbatzarrean aztertu zuten hirugarren puntua Balentziaga kalean obrak egiteko kontratuaren eta Deposito Zaharra Udalaren jabetzako salmentako esleipenaren aurka Construcciones Murias S.A. enpresak aurkeztutako helegitea izan zen. Izan ere, 2012ko azaroaren 8an Udalbatzak egindako bileran Balentziaga kaleko lanak egiteko kontratua eta Deposito Zaharraren jabetza Construcciones Amenabar S.A. enpresari esleitu zizkion urriaren 17an aurkeztutako eskaintza ekonomikoaren eta teknikoaren harira. Erabaki horren aurka Construcciones Murias S.A. enpresak helegitea aurkeztu zuen. Horren aurrean udalbatzarrean Bilduko bost ordezkarien eta Getaiko-Independienteak taldeko zinegotziaren aldeko botoekin eta EAJko bost ordezkarien abstentzioarekin, Udalbatzak onartu zuen Getariako Kontratazio Mahaiak egindako txostena berrestea eta horretan oinarrituta Construcciones Murias S.A.k aurkeztutako helegitea ezeztea, Udalbatzak 2012ko azaroaren 8an hartutako esleipen erabakiarekin aurrera jarraituz. EAJ udal taldeko Uxoa Larrañagak bozketan abstenitzeko arrazoiak eman zituen udalbatzarrean. «Oinarrizko egitasmoa eta baldintza pleguen txostena irakurri dugu eta zalantza batzuk sortu zaizkigu. Ez dakigu prozedurak legean zehazten dituen urratsak jarraitu dituen; dena dela ez gara oztopo izango eta horregatik abstenitu egin gara». Udala herritarrekin bilduta Getariako Udaleko ordezkariak pasa den astean bildu ziren Balentziaga kaleko bizilagunekin datozen hilabeteetan eremu horretan izango diren eragozpen eta aldaketez hitz egiteko. «Jendetza bildu zen udalbatzar aretoan. Hasieratik azpimarratu genuen lehenengo bilera hori ez zela aparkalekuen salmentaz hitz egiteko unea; bizilagunei proiektua aurkeztu genien eta ondoren herritarrek zituzten kezkak entzun eta horiek argitzen saiatu ginen». Asteazekeneko udalbatzarrean jorratu zuten hirugarren puntuan, Getariako Udaleko ordezkariek aho batez onartu zuten Getariako Turismo Bulegoa Itourbask Euskal Sarearen baitan sartzea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide