Los Momentos disko berria aurkeztuko du Julieta Venegasek Getarian
Donostiako Igeldo Jolas Parkeak Kutxa Kultur Festibala hartuko du aurten ere, irailean. Aurretik, ahobizarra kentze aldera, nazioarteko hainbat musikariren kontzertuak lotu dituzte antolatzaileek, datozen hilabeteetarako. Kutxa Kultur Zirkuitua osatu dute horretarako, eta Gipuzkoako hainbat antzokitara iritsiko da. Martxoaren 8an, esaterako,
Julieta Venegas abeslari mexikarra izango da Cristobal Balenciaga Museoan.
Los momentos izeneko disko berriaren aurkezpen-biran etorriko da. Estatuan dozena erdi emanaldi eskainiko ditu, eta horien artean Getaria izango du geltoki. Ibilbideko seigarren lana du, eta martxoaren 18ra arte merkaturatuko ez duen arren,
Tuve para dar eta
Te vi abestiak entzuteko aukera eman du jada. Iaz grabatu zuen Mexiko Hirian, Yamil Rezc ekoizlearekin elkarlanean, eta estilo freskoa eman nahi izan dio, elektro-pop kutsuarekin. Emanaldia 21:00etan hasiko da, eta mexikarraren aurretik Napoka Iria gipuzkoarrek joko dute. Sarrerak 20 eurotan jarri dituzte salgai.
Maltako abeslaria
Julieta Venegasek Balentziagan jo eta bi aste geroago, Kultur Kutxa Zirkuitua Zarauzko Modelo aretora iritsiko da. Martxoaren 24an, Dublinen bizi den Adrian Crowley kantautore maltarra ariko da zuzenean,
I See three birds flying bosgarren diskoko abestiak aurkezten. Kontzertu honetan, atariko gonbidatu gisa, Petti abeslari berarrak partekatuko du eszenatokia harekin. Kontzertua 20:00etarako dago iragarrita, eta sarrera 8 euro kostako da.
Adrian Crowley kantautoreak Zarauzko Modelo aretoan joko du (Argazkilaria: Dara Munnis)
Zirkuitua larunbat honetan abiaraziko dute, eta apirila bitartean bost emanaldi lotu dituzte. Lehen kontzertuan Neil Halstead, Matthew P eta The Playscool Orchestra ariko dira, Donostiako Kutxa Aretoan; martxoaren 9an, Francis Alun Bell eta Saioa, Arrasatekoa Kulturaten; apirilaren 13an, Nick Lowe eta Mery May, Donostiako Antzoki Zaharrean; eta gainerako biak, azkenik, eskualdean antolatutakoak dira.
Kontzertu baterako zein besterako sarrerak kutxasarrerak.net webgunean eros daitezke.
Kontzertuen inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, Kultur Kutxa Festibala jaialdiaren webgunea bisita daiteke.