Aurrekontuak lantzeko hainbat bilera egingo du udalak getariarrekin

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko otsailaren 5a

Urtarrilean abiatu zuen udalak Guztiok bat! Getariako lehen aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Udaletik jakinarazi dute, orain behin behineko aurrekontua osatzen ari direla. Hori dela eta, otsailaren lehen erdialdean bost bilera ireki egingo dituzte herritarrekin, haien iritzia, proposamenak eta ideiak lehen eskutik jasotzeko. «Helburua, gauzak egiteko orain arteko modua aldatzea eta ahalik eta herritar gehienen iritzia jasotzea eta aurrekontuan hori kontuan izatea litzateke, ahalik eta aurrekontu garden, herrikoi eta parte hartzaileena landu ahal izateko», nabarmendu dute udaletik. Gaur egingo dute lehenbiziko saioa, 19:00tan udaletxeko pleno aretoan. Bertan hirigintza, zerbitzuak  eta ingurumena izango dituzte hizpide. Bihar, berriz, Askizu eta San Prudentzio auzoez jardungo dute, 21:00etan Askizun. Ostiralean Meaga eta Eitza auzoez ariko dira, Meagan 21:30ean. Hilaren 12an turismoaz hitz egingo dute,  eta bi egun geroago, kulturaz, kirolaz, euskaraz eta gazteriaz. 19:00etan pleno aretoan izango dira bi saioak. Otsailaren 19an Ogasun batzordean behin behineko aurrekontu proposamena aurkeztuko dute eta hilaren 28an proposamen hori bozkatuko dute plenoan. Martxoaren hasieran, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko litzateke horrela 2013rako behin behineko aurrekontua. Ondoren hamabost egun egongo da jendaurrean, herritarrekin ekarpenak eta proposamenak egin ahal izateko. Denbora tarte horretan, getariarrekin beste bilera irekiren bat egitea  aurreikusi dute udal ordezkariek. Behin betiko aurrekontua, berriz, martxoaren amaieran edota apirilaren hasieran aurkeztu eta bozkatuko dute. Herritar oro gonbidatu dute, beraz, bilera horietara. «Horrelako esperientzia bat martxan jartzen den lehen aldia da Getarian, eta ondorioz, herritar guztiak gonbidatu ditugu, aukera hau baliatu eta euren iritzia ematera bilera irekietara azal daitezen», jakinarazi dute udaletik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide