«Utzi jainkoari maitatzen»

Urola Kostako Hitza 2013ko urtarrilaren 30a

Jose Agustin Larrañaga, jubilatutako ingeniaria, Bizitza eta otoitza tailerren arduraduna da. (Agurtzane Altuna/Hitza) Jose Agustin Larrañaga getariarra Gipuzkoako Foru Aldundian lan egindako ingeniari jubilatua da. Beti egon da kristautasunari oso lotua, baina azken urteotan berak ikasitakoa eta bizitakoa besteei zabaldu nahian dabil han eta hemen, ikastaroak eta hitzaldiak emanez, «zoazte mundu guztira» Jesusen hitzari jarraituz. Datorren astean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egingo diren erlijio jardunaldietan ere parte hartuko du. Kristautasunak beregan izan duen eraginaz arituko da lehen pertsonan, berak bizitakoa, sentitzen duena besteei adieraziz.19:00etan hasiko du hitzaldia. Kristautasunaren aurpegiak Jose Agustin Larrañaga beti bizi izan da elizaren inguruan, gazteen heziketan, sendotzarako prestaketetan, liturgian... Baina 1990. urtean Bizitza eta Otoitza tailerra egin, eta erabat aldatu zion kristautasunaren ikuspegia, eta fedea beste modu batean bizitzen hasi zen. Hala azaldu du berak: «Bizitza eta otoitza jardunaldietan parte hartu nuen, eta Biblia erabiltzen, otoitz egiten eta Jesus eredu hartuta bizitzen ikasi nuen. Lehen agindua ez zela Jainkoa maitatzea erakutsi zidaten, baizik utzi Jainkoari maitatzen». Sinesmena ez dela egia batzuk sinestea ere irakatsi zioten Jose Agustin Larrañagari jardunaldi haietan. Izan ere, kristautasunaren egia batzuk ezin dira arrazoitu; pertsona baten aldeko apustua, kasu honetan Jesusen aldekoa, egitea omen da gakoa. Hala, kristautasunaren ikuspegia aldatuta, beste modu batera bizitzen hasi zen Larrañaga. Oinarrizko aldaketak Ignacio Larrañagaren, Txilen bizi den kaputxinoaren, ideiek argitu zuten Jose Agustin Larrañaga. Funtsean, otoitz egiten eta fedea barnean sentitzen ikasi du. «Otoitz egitea ez da loro baten moduan otoitza errepikatzea, Jainkoarekin aurrez aurre egiten den geldialdia baizik. Gaur egun jendeak ez daki otoitz egiten, eta hori kezkagarria da. Apaiz eta moja asko etortzen dira gure tailerretara, eta ez dakitela otoitz egiten konturatzen gara», dio Larrañagak. Apaiz eta moja ugari joan izan da Bizitza eta otoitza tailerretara, eta horietako batzuk gogo onez hartzen ez badituzte ere, Vatikanoaren baimen guztiak dituzte, beren ikuspegia zabaltzeko. «Otoitz egiteko era asko daude, eta gure ikastaroetan guztiak jorratzen dira, baina, funtsean, otoitza bibliako pasarte batzuk errepasatuz Jainkoa ezagutzea da», dio Larrañagak. «Jainkoak mezu batzuk bidaltzen dizkigu, eta mezu horiek barneratu ondoren, Jaunari erantzun egin behar zaio». Otoitz egiteko modu bat bibliako pasarte bat irakurri, hitz edo esaldi batzuk aukeratu, eta haien inguruan gogoeta egitea da. Edo, momentuan burura etortzen diren hitzak idatzi eta haiek hausnartzea idatzizko otoitza izango litzateke. Entzumenezko otoitza, berriz,  hitz batzuk aukeratu, Nere jaun eta Jainkoa adibidez, eta behin eta berriro esanez haien zentzua topatzea da. Begiradazko otoitza, utzitasunezko otoitza, harrerazko otoitza... modu batean zein bestean, «Jainkoa barneratu eta sentitu egin behar da», Jose Agustin Larrañagaren arabera. «Jainkoa ezagutu egin behar da, egoki otoitz egin ahal izateko. Elizara joan, otoitz egin eta kalera ateratakoan elkar ezin ikusiz ibiltzeak ez du ezertarako balio. Jauna ezagutu, sentitu eta bere ereduari jarraituz bizitzen saiatu behar dugu; bera da gure erreferentzia. Tailerrak ere beti galdera bat airean utziz amaitzen ditugu: Zer egingo luke Jesusek nire lekuan balego?». Gaur egun gero eta jende gutxiago joaten da elizara, baina horrek ez du Jose Agustin Larrañaga kezkatzen. «Elizak aldatu beharra dauka. Oraindik eskubiak agintzen du Elizan, eta mezu eta jokaera asko ez dira oso egokiak; Jesusek presenteagoa egon beharko luke Elizan, eta elizgizon askoren artean. Horregatik, ni ez nau hainbeste kezkatzen gero eta jende gutxiago joateak mezetara. Jainkoak ez zuen elizarik eta tenplurik eraiki, ondorengo gizakiak eraiki ditu horiek guztiak. Benetan kezkatzen nauena zera da, jendearen baitan Jainkoa ez egotea, jendeak fedea galtzea». Jainkoari eskainia Jose Agustin Larrañagak oso presente du Jainkoa. Orain, isiltasuneko otoitza latzen ari da. Ez omen da oso erraza; Larrañagaren esanetan, «pentsamenduak geldiarazi eta isilik egon behar da, Jainkoari utzi behar zaio hitz egiten. Batzutan zerbait igortzen du, eta beste batzuetan ezer ez». Jainkoaren mezu horiei jarraituz, elkartasun keinuetan oinarritzen da Jose Agustin Larrañagaren bizitza. Gaixoekin, urritasunak dituztenekin, edo besterik gabe, hitz egin nahi duen edonorekin paseatu edo hizketaldi bat egiteko beti prest izaten da. Gizon ezaguna da Getarian, eta baita inguruetan ere. Beti prest egoten da kristautasunaren ikuspegi irekia plazaratzeko edonori. «Kristautasunean hazi eta hezitakoa naiz, gaztetako mezu haiek asetzen ez baninduten ere, Jainkoa sentitzen eta bere baloreekin bizitzen ikasi dut,eta amorrua ematen dit sinesmen  horiek galtzen uzteak», dio Jose Agustin Larrañagak. Betiko apaltasun eta umore onez, fedearen ikuspegi aurrerakoia zabaltzeko asmotan etorriko da datorren astean Koldo Mitxelena Kulturunera ere. Larrañagak berak onartzen duen moduan, «soziologikoki kristaua naiz, eta nere bizipen pertsonaletan oinarrituta, Jainkoaren hitza eskainiko diot etzun nahi duen guztiari»

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide