Getaria, 'The New York Times’ egunkariren proposamen turistiko

Aritz Mutiozabal 2013ko urtarrilaren 16a

Getaria, nazioarteko jomuga turistiko (Aritz Mutiozabal).   Munduak Getariara begira jarri ditu begiak. AEBetako The New York Times egunkari entzutetsuak zerrenda kuriosoa argitaratu berri du, 2013an bisitatu beharreko tokien inguruan. The 46 Places to Go in 2013 artikuluak nazioarteko 46 bidaia proposamen gomendatzen ditu, eta Rio de Janeiro, Marseilla, Amsterdam, Paris, Houston, Istanbul, Bangkok eta Oslo bezalako metropoliekin batera, Getaria aurkeztu dute urteko helburu turitiko gisa. Getariako Udaletik «harriduraz» jaso dute albistea. «Halako sona duen urrutiko egunkari batek halako garrantzia ematea beti da gustagarri. Gainera, munduko herri guztiak kontuan hartu dituztela ikusita, gure herria aintzat hartzea eskertzekoa da», nabarmendu du Nika Lertxundi alkateak. Bidaia-zerrendako 41. aukera da Getariakoa. «Ez dakit zenbaterainoko garrantzia duen postuak.  Nonbait irakurri dut zenbagarrena izatea gutxienekoa dela; inportanteena bertan agertzea dela, hain zuzen ere». Alde horretatik, pozgarria dela iritzi dio.   Promozio ikaragarria The New York Times egunkariak promozio ikaragarria egin dio herriari, baina Lertxundik zalantzan ditu albistearen eraginez turista gehiago etorriko diren. Hala ere, itxaropentsu agertu da aukeraren aurrean. «Estatubatuarrak ez dira gehien etortzen zaizkigun bisitariak, baina zerrenda honek haien presentzia ugaritzen lagunduko du». Artikuluak Cristobal Balenciaga Museoa du aipagai, eta hori estatubatuarrentzat interesgune indartsua izan daitekeela iritzi dio Getariako alkateak.   'The New York Times' egunkariak egindako aipamena.   «Balentziagagatik aukeratu al zaituzte?». Galdera hori bolo-bolo dabil han eta hemen. «Ziurrenik, zerrenda osatzerakoan oso kontuan hartuko zutela. Baina, Google Earth atariko irabazle izateak ere zerikusirik izango zuen. Ez dakigu zehatz-mehatz zer baloratu duten, baina sariak ere eragingo zuela pentsatzen du», aditzera eman du Lertxundik.   Sarah Wildman kazetariak sinatzen du Getariako testua, eta bere aipamenean herriko gastronomiaz gain, kaleko bizitza nabarmentzen du. Argazkian ere horixe bera irudikatu dute, San Antongo edo portuko ohiko postalak saihestuz. «Nonbait, egunkarikoak herrira etorri zirenean, kale giroa ezagutu zuten: jendea txikiteatzen eta kantuan, alegia. Ohitura zaharrak euskara hutsean mantentzea berezia bezain deigarria egin zaie», dio alkateak. Gainera, herriko kaleetan zehar parrillak ikustea ez zaie oharkabean pasa, ezta Joan Sebastian Elkano bertako semea zela ere. Munduari bira eman zion nabigatzaileak, eta, orain, munduari bira emango dio The New York Times egunkariaren artikuluak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide