Jende asko gerturatzen da Getarira San Anton Egunez (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
GETARIA
Urtarrilaren 16a, asteazkena.
- 17:30ean plazan txokolatada izango da.
- 18:00etatik aurrera Getariako Xake Txapelketako sariak banatuko dituzte Berdura Plazan.
- 19:00etan buruhandiak irtengo dira kalejiran, Getariako Musika Eskolako trikitilarien laguntzarekin.
- 22:00etan DJ Bullek kontzertua emango du frontoiko karpan.
Urtarrilaren 17a, osteguna.
- 09:00etan diana joko du Getariako Gazte Alaiak txistulari taldeak.
- 10:30etik aurrera azoka izango da Harritarten.
- 11:00etan meza nagusia izango da.
- 12:15ean txakolin uzta berria aurkeztuko dute herriko frontoian.
- Ondoren, txakolin dastaketa izango da frontoian. Zabale eta Larrañaga trikitilariek alaituko dute giroa.
- Jarraian, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariek eguneko lehen bertso saioa eskainiko dute udaletxeko balkoitik.
- 18:00etan herri kirol ikuskizuna izango da herriko frontoian. Alde batetik, aizkora erakustaldia eskainiko dute; Bihurri, Mujika, Olasagasti, Alex Txikon eta Odei Ezpeleta gazteak emango dute eskustaldia. Idoia Etxeberria eta Ostolaza ariko dira harri-jasotzen.
- Ondoren, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek bigarren bertso saioa eskainiko dute udaletxeko balkoitik.
- Jarraian, Zabale eta Larrañaga trikitilariek jai giroa jarriko dute udaletxeko balkoitik.
Urtarrilaren 18a, ostirala.
- 22:00etatik aurrera bertso jaialdia izango da Balentziaga museoan. Amets Arzallus, Harkaitz Estiballes, Maialen Lujanbio, Jone Uria eta Julio Soto arituko dira bertsotan. Gai-jartzailea Amaia Agirre izango da. Oharra: Sarrerak salgai izango dira bihartik aurrera udaletxean eta liburutegian. Egunean bertan ere salduko dituzte, leihatilan.
Urtarrilaren 20a, igandea.
- 12:30ean Salbatore Deunaren elizan San Antonetako kontzertua eskainiko du Getariako Musika Bandak, Aitor Uriak zuzenduta .
- 17:00etan, Getariako X. Gazte Txapelketako eta Helduen Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte frontoian.
AIA
Urtarrilaren 20a, igandea.
- 12:00etan herri kirol erakustaldia izango da Aiako probalekuan. Orioko Heldu Giza Proba Taldeko kideek 20 minutuko erakustaldia egingo dute.
- Ondoren, Idoia Etxeberria harri-jasotzaileak 20 minutuko saioa egingo du.
- Jarraian, 20 minutuko zaldi proba erakustaldia izango da.
- Eguerdi partean, Aiako plazan pintxo, txakolin eta sagardo dastaketa izango da.
Urte berriarekin batera iritsi dira San Anton jaiak Getariara, eta urtero bezala txakolin freskoa edanez, bapo janez eta jai giroan ospatuko dituzte datozen egunak getariarrek eta herrira bisitan joaten direnek. Azken urteetan krisi hitzak egunerokoa hartu badu ere, festa egunetan jendeak umorea berreskura dezan eta gustura ibil dadin nahi du Getariako Udalak, San Anton eguna pozik eta alaitasunean igarotzea, alegia.
Krisiari aurre eginez
Krisi garaian dirua «modu eraginkorragoan» gastatzea izan zuen lehentasuna Getariako Udalak iaz, ekitaldiak eta festak antolatzerako orduan. Eta aurten ere irizpide horri jarraituko dio. «Sanantonetako egitaraua aurreko urteetakoen antzekoa izango da. Bost egun iraungo ditu festak, eta egun bakoitzean ekimen asko egongo ez badira ere, jai giro polita izango da herrian», azaldu du Nika Lertxundi alkateak.
Gainera, aurreko urteko San Anton jaiekin alderatuz, 1.500 euro inguru aurreztea lortu dute aurten. «Festen kalitateak, ordea, bere horretan jarraituko du».
Egitarau zabala
Herri kirol saio «polita» izango dela jakinarazi du Nika Lertxundi Getariako alkateak. «Aizkora erronka polita ikusteko aukera izango dugu. Gainera, Idoia Etxeberria harri-jasotzaile oriotar gaztea ere Getarian izango dugu. Iaz ere sanantonetako herri kirol erakustaldian parte hartzera gonbidatu genuen, baina mina hartuta zegoenez, ezin izan zuen etorri. Aurten, ordea, hemen izango da gure artean».
Bertso saioa ere berezia izango da aurten, San Antonetarako prestatutakoa taula gainean egin beharrean Cristobal Balenciaga Museoan izango baita. «Urte saio honetan hotz egiten du gauean kalean bertso saioa entzuten egoteko.Horregatik, museoko sarrera aprobetxatuz bertso saioa bertan egitea ideia polita dela iruditzen zaigu».
Aian ere San Anton jaiak
Getarian ez ezik Aian ere ospatuko dituzte asteburuan San Anton jaiak. Aiako Idi Dema Elkarteak antolatuko du jaia aurten ere, eta herri kirolak izango dira festan protagonista nagusia.
Aiako Idi Dema Plazan izango da ekitaldi nagusia, eta eguerdi partean herri kirol jaialdia egingo dute bertan. Bost euro ordainduta, sarreraz gain pintxo edo talo bana banatuko dituzte. Biko erronka izango da erakustaldia. Alde batetik, Orioko Heldu Giza Proba Taldeko kideek 20 minutuko saioa egingo dute dema plazan, eta bestetik Helduk zenbat plaza hainbat jasoaldi egin beharko ditu Idoia Etxeberria oriotarrak. Ondoren, zaldi proba ikusteko aukera izango dute dema plazan biltzen direnek.
Probalekuan ez ezik, herriko plazan ere izango da festa, pintxoak, sagardoa eta txakolina dastatzeko aukera izango baita.