20 zaldunek hartuko dute parte X. San Anton Zaldi Lasterketan, igandean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko urtarrilaren 11

Eneko Urbieta zaldizale zumaiarra eta haren zaldi ‘Iron Star’ izan ziren iazko San Anton Zaldi Lasterketako txapeldunak (Aritz Mutiozabal/Hitza) Iritsi da Getariako San Anton festei harrera egiteko garaia eta aurten zaldi lasterketarekin ekingo diote egitarauari. Urtarrilaren 17a izango da txakolinaren festa handia, baina edariaz gain, bestelako kontuekin ere lotzen du jendeak jaia. «Hamar urte daramatzagu zaldi lasterketa antolatzen eta jendeak barneratuta dauka. Askok txakolinarekin lotzen dute egun hori, baina beste askok zaldi lasterketa ere badute gogoan», adierazi dute antolatzaileek. Horrek eman die, hain zuzen, ekitaldia antolatzen jarraitzeko «indarra»: «Badakigu krisi garaian halako probak mantentzea zaila dela. Hiru urte inguru daramatzagu aurrekontu berarekin lasterketa antolatzen, baina jendeak ongi erantzuten du eta babes horrek ematen digu aurrera jarraitzeko bultzada». Ikusmina San Anton Eguna baino lau egun lehenago jokatuko dute zaldi lasterketa, igandean hain zuzen. Urtero legez, Malkorbe hondartzan izango da, 11:30etik aurrera. Guztira, hogei zaldunek hartuko dute parte urteroko proban: hiru zumaiarrek, hiru donostiarrek, hiru lasartearrek, zazpi bizkaitarrek, bi usurbildarrek eta Oiartzungo eta Anoetako bana zaldunek. «Gutxi gorabehera partaidetza mantendu egiten da urtetik urtera; beti hogei zaldun inguruan ibiltzen gara», nabarmendu dute antolatzaileek. Haien arabera, «erakustaldi polita» eskainiko dute parte-hartzaileek, batzuk «maila handia» baitute: «Ikuskizuna baino zaldien abiadura ikusi ahalko da. Euren pisua dela eta, ez dira zirkuituan bezain azkar ibiltzen hondarretan. Hala ere, ziztu bizian egiten dute ibilbidea eta horrek ikusmina sortzen du ikusleengan». Lasterketa guneari dagokionez, zuzena izango dela iragarri dute antolatzaileek. «Garai batean pistak bost bat bihurgune zituen, eta bigarren itzulirako txikituta geratzen zen gunea. Hori dela eta, duela hiru urtetatik-edo luzetarako gunea atontzen dugu». Hala, pistak bi bihurgune soilik ditu, eta zaldiek ez dute «hainbeste sufrituko» korritzerakoan. Guztira, laupabost itzuli egingo dituzte bertan zaldiek eta zaldunek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide