Atzo iluntzean Getariako Udalbatzak ohiko udalbatzarra egin zuen eta Sahatsaga Goiko eremuko hirigintza gaiak eta etxebizitza tasatuen kalifikazioa izan zituzten hizpide, besteak beste. EAJko bozeramale Andoni Aristik Sahatsaga Goiko eremuko 2. hirigintza hitzarmena mahai gainean uzteko eskatu zion Udalbatzari, eurek sartu dituzten alegazioei emandako erantzuna asteartean iritsi zelako: “Herriarentzat gai garrantzitsua da, eta hori aztertzeko batzorde bat egitea beharrezkoa dela uste dugu”. Nika Lertxundi alkateak nabarmendu zuen Udalbatza osoak 2. hirigintza hitzarmena onartzeko “saiakera berezi” bat egin behar duela. “2013tik aurrera BEZ gehigarria aplikatuko da eta etxejabeek hori ordaindu beharra izan ez dezaten, garrantzitsua da etxebizitzak aurten amaitzea”, azaldu zuen. Alkatearen erantzunaren ondoren, batzorde informatzaileetako martxa eta informazio eza salatu zituen EAJ udal taldeak. Azkenean, hitzarmena onartu egin zuten: aldeko sei botorekin (Bildu eta independenteak) eta bost abstentziorekin (EAJ).
