Getariako Udalak abenduaren 2rako Ikurrinaren Eguna antolatuko du. Espainiako Gobernuak udaletxean Espainiako bandera jartzeko agindu die, eta horri erantzuna da ekimena. Hala, Udalak Getariako eragile, elkarte, entitate eta alderdi politikoak Ikurriñaren Egunean parte hartzera animatu ditu. «Egun hori gure ikurrinaren eta izaeraren aldarrikapen eguna izatea nahi genuke», azaldu dute udal ordezkariek.
Ikurrinaren Eguna antolatzeko lantalde bat osatuko dute herritarrekin eta eragileekin, eta denen artean ospakizun egitaraua osatzeko ekarpenak egitea da asmoa. Udalak jakinarazi duenez, lantaldea azaroaren 15ean, datorren ostegunean. 19:00etan bilduko da udaletxean.
Espainiako bandera Getarian
Eskualdeko beste hainbatek bezala, Getariako Udalak Espainiako bandera udaletxean, fatxadan eta udalbatzar aretoan, jartzeko errekerimendua jaso zuen Carlos Urquijok zuzentzen duen Espainiako Gobernu Ordezkaritzatik. «Lehen errekerimenduari ez genion kasurik egin, eta eta bigarren aldiz jaso genuen Espainiako bandera jartzeko agindua. Hori egin ezean, alkatea ezagaituko duten mehatxua egin ziguten», azaldu du Udal Gonbernuak.
Egoera aztertu ondoren, Getariako Udalak baztertu egin zuen bide judizialari heltzea. «Alde batetik, bide judizialak dakarren kostua ekiditeko erabaki dugu hori, eta, bestetik, legeak azken instantzian Espainiako bandera udaletxean jartzera behartzen gaituelako. Horregatik, derrigortuta bada ere, bandera jartzea erabaki zen».
Nahiaren aurka
«Udalak badaki Gobernu Ordezkaritzaren eskaera getariarron gehiengo zabalaren borondatearen aurkako inposaketa dela», diote udal ordezkariek. «Euskal Herria nazio gisa aitortzen dugunontzat gure ikurrek eta bereziki ikurrinak gure herriaren existentzia, historia, eskubideak eta askatasuna adierazten ditu. Beraz, Espainiako bandera jarraraztea inposaketa da», adierazi dute.
Udala jakitun da herritar askoren artean «ondoeza eta egonezina» sortu dezakela erabakiak, baina «behartutako erabakia» izanik, «herritarrek horrela ulertzea» nahiko luke udalak.
Kasu gehiago
Getariako Udalaz gain, eskualdean beste zenbait udal ere Espainiako bandera jartzera behartu izan dituzte. Espainiako Gobernu Ordezkaritzak garai desberdinetan egin ditu eskariak, eta udalok prozesuko fase batean edo bestean daude egun. Azpeitiko Udalak, esaterako, 2011ko udaberrian Espainiako bandera eraikin publikoetan jartzeko agindua jaso zuen, eta udal horrek epaitegian lau bandera jarri zituen: Europakoa, Espainiako, ikurrina eta Gipuzkoako Foru Aldundikoa. Azaroan, ordea, Espainiako Estatuko abokatuak Azpeitiko Udala salatu zuen, udaletxeko balkoian Espainiako banderarik ez zegoelako, eta bandera jar zezan eskatu zion.
