Espainiako bandera udalean jartzera behartuta sentitu da Getariako Udala, Espainiako Gobernu Ordezkaritzatik bi errekerimendu jaso ondoren. “Jarri ezean alkatearen aurkako inhabilitazio mehatxua zegoen”, azaldu dute udaletik. “Gobernu Ordezkaritzaren eskaera getariarron gehiengo zabalaren borondatearen aurkako inposaketa dela ulertzen dugu”, eta horregatik, Ikurrinaren Eguna egingo dute abenduaren 2an.
“Herri modura erantzun zabala ematea beharrezkoa ikusten dugu. Erantzun hori, ordea, ez dagokio Udalari soilik. Horregatik, udaletik dei egiten diegu herriko talde, elkarte, entitate, eragile, alderdi politiko zein norbanako guztiei abenduaren 2an ospatuko dugun Ikurrinaren Egunean parte hartzera. Egun hori gure ikurren eta izaeraren aldarrikapen eguna izatea nahi genuke”. Lan taldea azaroaren 15ean bilduko da, 19:00etan udaletxean.
