Jainkosen janzkeraz hausnartuko dute lau adituk gaur Balentziaga museoan

Getariako Hitza 2012ko urriaren 5a

Cristobal Balenciaga Museoak Joan Sebastian Elkanoren monumentuari omenaldia egingo dio gaur. Victoria eskultura abiapuntu hartuta, jainkosen eta emakume heroien janzkerari buruz hausnartuko da, Jainkosak eta emakume heroiak izeneko jardunaldien baitan...

Cristobal Balenciaga Museoak Joan Sebastian Elkanoren monumentuari omenaldia egingo dio gaur. Victoria eskultura abiapuntu hartuta, jainkosen eta emakume heroien janzkerari buruz hausnartuko da, Jainkosak eta emakume heroiak izeneko jardunaldien baitan. Hainbat diziplinatako adituak izango dira protagonistak, eta «iragana eta orainaldia, errealitatea eta fikzioa eta bertakoa eta mundu zabalekoa» uztartuko dituzte, ikuspegi historiko zein artistikotik.
Jardunaldia bi zatitan banatuko da. Lehen zatian, Jaime Brihuega eta Mikel Lertxundi historialariek hausnarketa historikoa eta artistikoa egingo dute. Brihuegak Jainko eta heroien irudikapena artearen historian hitzaldia eskainiko du, 17:00ak eta-17:30ak bitartean. Lertxundik, berriz, Elkanoren monumentua egiteko prozesuaren nondik norakoak aztertuko ditu, Getariak Elkanori eskainitako monumentua: aurrekariak, sorrera eta eraginak hitzaldiaren bitartez, 17:30etik 18:00etara.
Bigarren zatian, emakumezko heroien eta jainkosen janzkerak komikigintzan eta goi-mailako joskintzan izan duen eragina landuko da. Joseba Larratxe
Josevisky komikigilea, super heroien janzkeran oinarrituta, hainbat topikoren inguruan ariko da Zer jantziko dut mundua salbatzeko saioan, 18:15etik 18:45era. Miren Arzallus museoko erakusketako komisarioak Jainkosen irudikapenaren eragina goi mailako joskintzan izango du hizpide, 18:45etik 19:15era.
Jardunaldietan parte hartu nahi dutenek info@fbalenciaga.com helbidera mezua bidali beharko dute, izen-abizenak, helbidea, helbide elektronikoa eta telefono zenbakia zehaztuz. Informazio zabalagoa eskuratzeko, berriz, museoko webgunea (www.cristobalbalenciagamuseoa.com) bisita daiteke, edo 943-00 47 77 telefonora deitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide