Cristobal Balenciaga Museoak, inauguratu zen egunetik, hileko pieza aurkeztu du. Oraingoan, itsasoan inspiratutako konjunto bat izango da protagonista; 1960ko hamarkada amaierako konjunto bat, alegia. Asteburu honetan Euskal Kostaldeko Museoen Eguna izango da, horrexegatik aukeratu du museoak pieza hori hil honetarako. Euskal Kostaldeko Museoen Sareak antolatu du hitzordua. Sarea orain gutxi sortu da, eta Cristobal Balenciaga Museoa bertako kide da. Helburua euskal itsas ondareari balioa ematea eta hura hedatzea da.
Piezan ederki nabari da itsasoak zer-nolako eragina izan zuen moda-sortzailearengan. Meye Maier izan zen jabea, Cristobal Balenciagaren ohiko bezero getxotarra. Blusaz eta gonaz osatutako lihozko konjuntoa da, 1967an egina. Bai itxuragatik, bai koloreagatik, Getariako marinelek Balenciaga haurra zela janzten zituzten alkandorak gogorarazten ditu.
Miren Arzalluzek aurkeztuko du pieza, Cristobal Balenciaga Museoko Bilduma eta Erakusketa arduradunak. Jantziaren ezaugarri teknikoen eta testuinguru historikoaren berri emango du 30 minutu inguruz. Hitzordua 19:00etan izango da. Taldeak mugatuak dira, eta aldez aurretik eman behar da izena museoko sarrerako mahaian edo telefonoz deituta (943 008 840).