EAJko kideak, Joseba Egibar tartean, Getarian izan ziren atzo arratsaldean, eta alderdizaleekin bildu ziren, haien kezkak entzun eta galderei erantzuteko. Kanpaina hasteko 15 egun falta badira ere, hitzaldia emateko baliatu zuen hitzordua Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak, eta EAJren proiektua azaltzeko. “Inoiz baino ageriago geratzen ari da, herri bezala, gure etorkizun ekonomiko eta politikoa bermatzeko, erabakitzeko eskubidea behar beharrezkoa dela”, adierazi zuen, besteren artean.
“EAJ-PNVren proiektuak bi ardatz ditu, elkarrentzako probetxuan aritu behar dutenak: bata politikoa – Euskal Herriaren aitorpena eta erabakitzeko duen eskubidea – eta ekonomiko-soziala bestea. Eta biak ala biak egoki konbinatzen baditugu, bake eta elkarbizitzarako eszenategia sendotzea lortuko dugu batetik, eta krisi ekonomikotik behar den kaudimen edo ahalmenarekin eta justizia sozialeko parametroetan ateratzea lortuko dugu, bestetik”.