Getabat Getariako Ostalarien Elkarteak argazki lehiaketa antolatu du herrian bisitariek aurkitu dezaketen turismo eskaintza oinarri hartuta. Pasa den igandean hasi eta irailaren 15a arte getariarrek eta herria bisitatzera hurbiltzen direnek herriko bereizgarri diren bistez, itsasoaz, kaleez, arrain erreaz eta beste hainbestez gozatzen duten bitartean ateratzen dituzten argazkiak elkartearen Facebook soslaiera bidali ditzakete eta uda garaiko argazki lehiaketan parte hartu.
Herritarrek argazki guztiak Getabat Elkartearen Facebookeko soslaian izango dituzte ikusgai. Herritarrek iritzia eman eta gehien gustatu zaien argazkiaren alde bozkatzeko aukera izango dute bertan.
100 euroko Getabat Txartela
Boto gehien jasotzen dituzten bost argazkietatik herriko giroa egokien deskribatzen duen argazkia aukeratuko dute elkarteko kideek. Argazki irabazlearen egileak Getabat Getariako Ostalarien Elkartea osatzen duten jatetxe eta tabernetan gastatzeko, 100 euroko Getabat Txartela irabaziko du.
