Gaur goizean hasi da Modernitatea eta bere ohiturak: modaren filosofia txikiak izeneko mintegia, Getariako Cristobal Balenciaga Museoak antolatutako udako lehen ikastaroa. Gaur, bihar eta etzi modaren egungo diskurtsoaren alderdi anitzei buruzko hausnarketa sakona egingo dute ikasleek, modernitatea aintzat hartuta.
Antropologia, Filosofia, Estetika, Arte Ederrak, Historia eta Arteen Teorian berezitutako irakasleak bilduko dira, Madril, Bartzelona, Sevilla, Alacant, Tenerife, Bizkaia, Gipuzkoa, Suedia eta Kroaziatik heldutakoak. Mintegia museoak El Diario Vasco-rekin elkarlanean antolatzen dituen Kultura Gelen barruan kokatu dute.
Irakasleak
La Lagunako Unibertsitateko (Tenerife) Ramon Salas (Arte Ederrak), Fernando Estevez (Antropologia) eta Angel Molla (Filosofia) irakasleek, Middlesex Unibertsitateko Yaiza Hernandez irakasleak, Madrilgo Unibertsitate Complutenseko Jose Luis Pardok, eta Bianca Visser komisarioak moda aztertuko dute, herri kultura ikuspegitik.