Getariako Udalak herriko toponimia bildu, arautu eta «normaliatuko» du, Euskaltzaindiaren laguntzarekin. Getariako eremua hartzen duen plano berria egingo dute, eta horretarako lehenengo pausoa herriko toponimia aztertzea izango da. Getariako alkateak Nika Lertxundik adierazi duenez, herriko lau eremu aztertuko dituzte Sustrai erakundeko kideek. Batetik, Askizu eta San Prudentzio auzoetan egingo dute lanketa, eta Meaga ingurua ere ikertuko dute. Ondoren, herrigunea eta Eitzagako toponimia jasoko dute. Auzoez gain, itsasgunea ere aztertuko dute. Izan ere, Lertxundiren esanetan, arrantzaleek erabiltzen dituzten itsasgune batzuren jatorrizko izenak «galzorian» daude.
Hain zuzen ere, herriko txokoen izen batzuk «desagertzeko arriskuan» daudela-eta abiatu dute egitasmoa. «Egungo belaunaldien artean ez da halako trasmisiorik egon, eta belaunaldi gazteek ez dituzte ezagutzen herriko lekuen benetako izenak. Egunerakotasunean ez da halako gauzetaz hitz egiten, eta toponimia jasotzen ez bada asko galduko dugu». Horren adibidea da Aizpurupeko hondartza, Orrua inguruan dagoena. Lertxundik adierazi duenez, Getariako Gaztetape Surf Elkartekoek salatu dute eremu horri «hondartza grisa» deitzen diotela. Horien arabera, izen berria «kanpotik» etorritako deitura da. Hala, «kexa» eta jatorrizko izenari eusteko eskaria dela medio hasi du Getariako Udalak proiektua. Halako «adibide ugari» daudela adierazi du alkateak.
Larunbatean sinatu zuten Getariako Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena. Azken honek bideratu eta koordinatuko du lanketa osoa. Izan ere, alkatearen ustez, Euskaltzaindiaren laguntza «ezinbestekoa» da proiektua aurrera eraman ahal izateko. Getariako Udalak Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzari esker gauzatu ahal izango du egitasmoa, eta alkateak jakinarazi du urtebete inguru iraungo duela lanketak.
Toponimia osatzeko lau taldetan banatuko dira ikerlariak, eta talde bakoitzak dagokion eremua aztertuko du. Horretarako, auzoetan bizi diren adinduak elkarrizketatuko dituzte.
Azken pausoa, mapa
Behin lanketa guztia egindakoan, mapa toponimikoa argitaratuko du udalak. Lertxundik adierazi du bildutako izen guztiak mapan plazaratzea «ezinezkoa» izango dela, «guztiz irakurgaitza izango delako». Beraz, lekurik «aipagarrienak» soilik bilduko dituzte mapan, baina herriko toponimia osoa artxiboan gordeko dutela jakinarazi du Lertxundik.