Bainujantzien bilakaeraren inguruko erakusketa zabaldu dute Balentziagan

Urola Kostako Hitza 2012ko ekainaren 15a

Balentziaga Museoak bainujantzien bilakaera estetikoa eta teknikoa azaltzen duen erakusketa zabaldu du, eta XIX. mendeko bainatzeko soinekoetatik hasi eta XXI. mendeko bainujantzi “teknologikoetara” arteko jantziak biltzen dituen eremua ik...

Balentziaga Museoak bainujantzien bilakaera estetikoa eta teknikoa azaltzen duen erakusketa zabaldu du, eta XIX. mendeko bainatzeko soinekoetatik hasi eta XXI. mendeko bainujantzi “teknologikoetara” arteko jantziak biltzen dituen eremua ikus daiteke. Beverly Birks moda adituak eta erakusketaren komisarioak erakusketan ikus daitezkeen 57 pieza bildu ditu azken lau hamarkadetan.

Piezarik zaharrena 1880. urtekoa da, eta berriena gaur egungoa; jantziez gain, ordea, material grafikoekin eta ikus-entzunezko lanekin osatu dute erakusketa. Hala nola, Kutxaren funtsetik ateratako argazkiak ikus daitezke.

Bainujantziak eta gorputzaren erakusketa. XX. mendeko historia alternatiboa erakusketa irailaren 23ra bitartean ikus daiteke, Aldamar jauregian.

Erakusketarekin batera katalogo bat ere jarriko dute eskuragarri; Birksen idatzi batek eta erakusketako pieza guztien erreprodukzioek eta azalpenek osatzen dute 184 orriko katalogoa; halaber, Jose Maria Unsain Donostiako Untzi Museoaren zuzendariak eta historialariak bainujantziek Donostian izan duten bilakaera jorratu du liburuan.

Horrez gain, Birksek hitzaldia eskainiko du bihar, museoko areto obalean. 12:30eatik aurrera, erakusketaren edukia azalduko du. Birks jantzi historikoetan aditua da, eta azken 25 urteetan moda erakusketak antolatu ditu munduan zehar.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide