Antxoaren kanpaina joan den astean abiarazi zuten herriko arrantzaleek. Horren harira, II. Antxoa Eguna antolatu dute ostiralerako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailaren, Getariako Udalaren eta Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradiaren ekimenez, eta herriko enpresekin eta saltokiekin elkarlanean. Egun nagusia ostiralekoa bada ere, ospakizunak asteburu osora zabaldu dituzte. Igandean, gainera, Arrantzale Eguna ospatuko dute; ohiko prozesioarekin eta trainerillen estropadarekin, besteak beste.
Antxoari buruzko jarduera teknikoekin emango diote hasiera jaiari. Xabier Alberdi historialariak antxoak getariarrentzat izan duen garrantziaz hitz egingo du, Kofradian, eta, ondoren, aipamen berezia jasoko dute Juan Mari Arzak sukaldariak eta Nardin kontserba etxeko Leonardo Oliverik eta Milagros Olaizolak.
Jarduera teknikoez gain, jarduera herrikoiak ere prestatu dituzte egoerarako. Iaz bezala, antxoa dastatzeko aukera ezin hobea izango da herriko frontoian. Baina jaten hasi aurretik, Gudarien enparantza kultur ekitaldien plaza bihurtuko dute: lehenik eta behin, Egun bat arrantzan antzezlana eskainiko dute eta, jarraian, musika eskolako trikitilarien eta Gure Txeruko dantzarien erakustaldia izango da.
Maiatzean, astebururo
Dastaketa gastronomikoa, ordea, ez dute ostiral honetara mugatuko. Maiatzeko asteburuetan Getariako hainbat tabernatan (Iribar, Giroa, Ketarri, Taxko, Xagu, Balearri, Azkeu, Itsas-etxe eta Mahasti) antxoa pintxoa eta edaria eskainiko dute 2 eurotan.
Bestalde, ostiraletik igandea bitartean, arrantza mundua ezagutzera helburu duen Egun bat arrantzan erakusketa ibiltaria izango da ikusgai, udaletxean.
Antxoa Eguna
Maiatzak 4, ostirala
10:30ean. Getariako Elkano Arrantzaleen Kofradian, harrera, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Nekazaritza eta Arrantza Saileko ordezkarien eta Elkano arrantzale kofradiako lehendakariaren eskutik.
- Antxuaren historia Getarian hizlaria, Xabier Alberdi historialariaren eskutik.
- Zilarezko antxoa aipamena: Juan Mari Arzak sukaldaria eta Nardin kontserbetako Leonardo Oliveri eta Milagros Olaizola.
-Getariako abesbatzak Boga-boga abestuko du.
11:30ean. Hamaiketakoa: Getariako sukaldariek prestatutako pintxoak, Getariako produktuekin.
17:30ean. Egun bat arrantzan antzezlana, Gudarien enparantzan.
Ondoren. Getariako Elkano musika eskolako trikitilariak eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldia, Gudarien enparantzan.
19:30ean. Antxoa dastaketa, Getariako frontoian.
22:30ean. AZ/DZ taldearen kontzertua.
Maiatzak 5, larunbata
11:30ean. Antxoak sortzen tailerra haurrentzako, Gudarien enparantzan
19:00etan. Incansables txarangarekin kalejira.
22:30ean. Joxe Mendizabalekin erromeria.
Maiatzak 6, igandea Arrantzale Eguna
09:00etan. Diana Gazte Alaiak txistulariekin.
11:00etan. Arrantzale meza, Salbatore Deuna parrokian.
Ondoren. Karmengo Amabirjinaren bedeinkapena prozesia.
Jarraian. Arrantzale zaharrekin hamaiketakoa.
Eguerdian. II. Antxua Eguna-Getariako Bandera trainerilla estropada.
Jarraian. Rondaia kalez kale