Getariako Udalak 2012ko behin betiko aurrekontuak onartu ditu, «ardura eta zuhurtzia» aintzat hartuta. Hala, aurtengo aurrekontu orokorra 4.146.421,8 eurokoa izango da, iazkoa baino bi milioi gutxiagokoa, hain zuzen ere. «Krisi egoera honek udalen sarrerak murriztu baditu, gastuak ere murriztu egin behar dira. Orain arteko hainbat prozedimendu eta ohitura birplanteatzeko eta bispertsatzeko ordua da», adierazi du Aitor Irigoien Ogasun zinegotziak.
Behin behineko aurrekontuetatik hainbat aldaketa egin ditu udalak; Balentziaga kalean garajeak egiteko inbertsioa bideratu dute aurrekontuetara. Honek 800.000 euroko gastua izango du, baina Eusko Jaurlaritzako laguntzetatik eta hainbat lurren salmentengatik jasotzen duten diruarekin parekatzea aurreikusten dute. Horrez gain, «parte hartze egitasmoa» martxan jartzeko asmoa du udalak; horretarako 16.000 euroko partida onartu dute, eta hori finantziatzeko 12.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak bideratuko ditu.
Bestetik, Getariako Turismo Bulegoa datozen asteetan irekiko dela jakinarazi du Irigoienek, herriko merkatariekin hitzarmena lortu ondoren. Hala, 13.000 euro aurreztuko ditu udalak.
Bildu eta Aralarren aldeko botokin onartu dituzte aurrekontuak; EAJ horien aurka agertu da, besteak beste, prozedura ez delako «egokia» izan. Horrez gain, Udala jasotzekoa den 200.000 euro haurreskola berria egiteko eskatu dio Udal Gobernuari. Jeltzaleek gogoratu dute haurreskolan «leku falta» dagoela, eta egungoa «behin behinekoa» dela. Beraz, berria egiteko «beharra» dagoela azpimarratu du. Bilduren esanetan, «legealdiko lehenentasunetako bat izango da hori».
