Getariako Udalak Euskara eta Kultura Mahaia sortu du, herritarrek bi gai horien inguruan eztabaidatzeko eta hausnartzeko gunea izan dezaten. Herenegun iluntzean aurkeztu zuten egitasmoa Getariako Udaleko ordezkariek. Lehenengo bilera horretan, herriko hamabi elkarte ingurutako kideek eta norbanakoek hartu zuten parte, udalak jakinarazi duenez. Hala nola, Getariako abesbatzako, guraso elkarteko edota Sustraiak elkarteko kideak bertaratu ziren.
Euskara eta Kultura Mahaiko kideen «lehenengo hartu-emana» izanik, taldeak izango duen funtzionamendua azaldu dute. Amaia Iribar Getariako Udaleko kultura zinegotziak adierazi duenez, Euskara eta Kultura Mahaia herri mailan parte hartzea bultzazeko asmoz sortu da. «Taldea iraunkorra izango da, eta helburua da euskal kulturarekin eta euskararekin zerikusia duten elkarteek eta norbanakoek elkarlanerako gune bat izatea, proposamenak egiteko, iritziak eta ideiak emateko, kexak azaltzeko», adierazi du kultura zinegotziak. Horretarako, «konpromisoa eta lan egiteko prestutasuna» ezinbestekotzat jo du udalak.
Honen arabera, herenegun egin zuten bileran bizpahiru hilabetean behin elkartzea adostu zuten mahaiko kideek. Halaber, dagoeneko zehaztu dute hurrengo bilera eguna; maiatzaren 7an elkartuko dira, 19:00etan, Alondegian. Hasiera batean aldian behin elkartuko badira ere, «beharraren arabera» bileren maiztasuna aldatu egingo dutela jakinarazi du Iribarrek.
Herriko hamaika kontu
Euskara eta Kultura Mahaiak jorratuko dituen gaiei dagokienez, berriz, askotariko kontuak izango dituzte eztabaidagai. «Getarian kultura arloan zer egoera dagoen hausnartuko dugu, eta herrirako zer-nolako etorkizuna izan nahi dugun ere jorratuko dugu». Horrez gain, gai zehatzagoak eta «unean unekoak» ere landuko dituzte. Herrian egiten diren lehiaketetan eta festetan euskarak duen eta izan beharko lukeen presentziaz hitz egingo dute.
Euskara eta Kultura Mahaia, ordea, ez da izango Uudaleko batzordeen osagarria. Hala ere, bertan adierazten dituzten iritziak kontuan hartuko direla jakinarazi du kultura zinegotziak: «Euskara eta Kultura Mahaia ez da izango erabakigune bat. Herritarren proposamenak, kezkak eta iritziak jaso nahi ditugu. Bideragarriak direla uste badugu, ordea, udaleko batzordeetara eramango ditugu».
Hartu-emanak
Udalaren arabera, bilerak egiten dituztenean, kultura eta euskararen inguruko elkarteetara eta interesa duten herritarrengana bidaliko dituzte jorratu dituzten edukiak, eta bileraren nondik norakoak. Izan ere, Getariako Udala Internet bidez izango da harremanetan horiekin. Batzarra egin baino lehen, berriz, gai zerrenda pasako die kide guztiei. Taldeko partaideek ere jorratu nahi dituzten gaiak proposa ditzaketela argitu du Iribarrek. Hala, sortu berri
duten taldearekin kulturaeuskara@gmail.com helbidearen bidez jar daiteke harremanetan.
Getariako Udalak euskarak eta kulturak «lotura handia» dutela uste du, eta horregatik uztartu ditu bi arloak. Hala ere, ez da osatuko duten batzorde bakarra izango. Izan ere, aurrerantzean beste arlo batzuetako talde iraunkorrak sortzeko asmoa du Getariako Udalak, baina ordezkariek oraindik ez dute zehaztu zein talde izango diren.