Hurrengo astearten, San Anton Egunean, uzta berriarekin egindako 2.100 txakolin botila dastatuko dituzte herritarrek, Getariako Txakolina jatorrizko izenak gaur jakinarazi duenez. Ohi bezala, Gipuzkoako Foru Aldundian 2011ko uzta berria aurkeztu du gaur eguerdian, eta iaz 2.900.000 txakolin botila ekoiztu zituztela jakinarazi dute; hau da, 2010. urtearekin alderatuz %24 hasi da txakolinaren ekoizpena. Izan ere, azken urteetan egindako landaketak ekoizpenan sartu dira.
2011ko uztako txakolinak graduazio baxuagoa dutela jakinarazi dute Getariako Txakolina sormarkako kideek: 10,5º-11º graduazioa du, eta “usaintsua” dela nabarmendu dute. Halaber, ekoiztutako ia txakolin guztia zuria dela diote, eta txakolin gorria eta beltza “anekdotikotzat” jo dute. Izan ere, Ondarribi Zuri mahats mota ekoizpen osoaren %98an dago, eta Ondarribi Beltza edo mahats barietate beltza gainontzeko %2an da.
San Anton Egunean egingo dute txakolinaren jendaurreko aurkezpena, Getarian. Bertan, txakolina ez ezik, antxoa eta atun pintxoak banatuko dituzte; sei euroren truke bost kopa txakolin edan ahal izango da. Horrez gain, herriko tabernek pintxo lehiaketa egingo dute, eta 800 pintxo prestatuko dituzte horretarako. Pintxoak euro batean salduko dituzte. Giroa, Harralde, Mahasti eta Taxco tabernek hartuko dute parte ekimenean. Halaber, Getariako Txakolinako upategiak ere plazan egongo dira asteartean.
2011. urteko uztarako Deba eta Hondarribiako (Gipuzkoa) bi upategi batu dira Getariako Txakolina Jatorri Izendapenera; hala, egun 26 upategik osatzen dute elkartea: eskualdean, Getariako 11, Aiako bi eta Zarauzko zazpi upategi dabiltza horretan. Hala ere, Getariako Txakolina jatorri izenako hasierako hiru herri horietatik Gipuzkoa osora zabaltzen da mahastizaleen jarduna.
Txakolinaren banaketari dagokionez, berriz, oinarrizko merkatua Gipuzkoan dagoela adierazi dute ordezkariek; ekoiztutakoaren %75-%80 inguru herrialde horretan banatzen da.