Eguraldia lagun dutela iristen ari dira azkenera aurtengo salbatoreak. Festetako azken eguna Haurren Egun izendatuta dago eta, hala, gogotik ari dira frontoian jarritako jolasez gozatzen herriko txikienak. Helduak ere ez dira atzean gelditu, ordea. Eguerdian atun-jana eta sagardoa izan dituzte aukeran, azken hau txotxetik. Herritarrak nahiz bisitariak, denak batu dira festara. Maitane eta Leire trikitilariek doinu freskoekin girotu dituzte kaleak, eta Gazte Alaiak txistulariak ere kalez kale ibili dira. 13:30ean hasi dira bertsotan Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso Balkoitik Balkoira urteroko ekimenean. Haizeak ez die beren lana behar bezala egiten utzi, ordea, eta balkoitik plazara jaitsi dira bertsoak kantatzera. Arratsaldea ere ekimenez beteta dator. Besteak beste, 19:00etatik aurrera haragia dastatzeko aukera izango da plazan, eta 23:00etan Diskofesta hasiko da, Oihan Vegaren eskutik. Txosnetan Mozorro Gaua egingo dute, eta Dj Zalapartak girotuko du ekimena. 00:00etan izango da bandera jaitsiera.



