Getariak badu ondare historikoa eta naturala, zabala, gainera. Eta horren erakusleiho izan nahi du bertako turismo bulegoak. Begi-bistan elkartearen eta Zehazten Zerbitzu Kulturalak enpresarekin elkarlanean, bi bisita antolatu ditu, bata Alde Zaharreko ondare arkitektonikoa eta itsasotik herriaren bista ezagutzeko, eta bestea Getariako artean eta arkeologian sakontzeko. Izan ere, kostako udalerri arrantzalea hainbat alderditan da aberatsa.

Ibilbide gidatua Getariako kale eta eraikinetan barrena egingo dute bisitariek Begi-bistaneko kideen eskutik, ondare arkitektonikoa «modu ludikoan» ezagutu dezaten. Elkano izango da bisita arkeologikoaren haria. «Behin eta berriz errepikatuko den elementua izango da Elkano», adierazi dute. Hala, munduari buelta eman zion itsasgizonaren omenez egindako hiru monumentuak eta plaka bilduko ditu bisita gidatuak.
Bastioitik Katraponara
Ibilbidea herriko sarrerako bastioian hasiko dute. Bertan dago getariarraren omenezko lehenengo eskultura. Hariari tiraka, udaletxe aurrean jarraituko du bideak, 1.881ean Riccardo Bervell eskultoreak eginiko piezaren parean, eta Katraponako tunelean amaituko dute, hirugarren eskulturan, hain zuzen. Bidean, ustez Elkanotarren jaiotetxea izan zen eraikina ere bisitatuko dute. Bertan zintzilikatu zuten iaz hori adierazten duen plaka.
Getarian ere ‘flysch’-a
Behin lehorreko bisita amaitu ostean, itsasora egingo dute portutik.Hala, Getariako San Antonetik Zarauzko Mollarri uhartera bitarteko bidaia egingo dute parte-hartzaileek, itsasotik bi udalerritako bista ederrez gozatze aldera.
Bista goxatzeaz gain, azalpen txiki bat eskainiko diete elkartekideek bisitariei. «Askotan pentsatu ohi da harriek ez dutela baliorik. Ez da hala, harriek asko esan diezagukete», diote.
Hala,
-aren inguruko argibideak emango dituzte bisitan; «izan ere, Getarian ere bada flysch-a».
Gotikoaren leihoa
Zehazten Z.L. enpresako kide Xabier Alberdi izango da Getariaren jatorria eta itsas historia ezagutzera emango duen gida. Bisita horren ardatza Salbatore Parrokia eta Zarautz Jauregia izango dira. Bertan, Elkanoren presentzia etengabe aurkitzeaz gain, «Gipuzkoako gotikoaren adibide gorena» ere topatuko dute bisitariek.