Triatleta izateko lehenengo pausoak

Getariako Hitza 2011ko uztailaren 7a

Ikasturtea bukatu dute gaztetxoek, eta aurrerantzean opor egunez gozatzeko txanda da. Eskualdeko herri gehienetan, kirol elkarteen nahiz aisialdi taldeen eskutik, kirol jarduera eta udaleku aukera zabala izaten dute denbora librea aprobetxatzeko. Aurten, ohikoez gain, eskaintza berri bat aurkeztu dute: Triatloi Teknifikazio Egonaldia, Getariako Askizu aterpetxean, hain zuzen ere. Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Arazi enpresak elkarlanean sortutako udaleku berezia da, eta aste honetan baino ez dute egingo. Triatloia du oinarri eta abiapuntu, baina hortik aurrera, bestelako aisialdi jarduerak ere jorratuko dituzte. Astelehen arratsaldean eman zioten hasiera egonaldiari, eta ostirala bitartean Askizu eta inguruetan ariko dira. Guztira, 10 eta 14 urte bitarteko 16 neska-mutilek eman dute izena, eta horietatik bi baino ez dira eskualdekoak; bat oriotarra eta bestea zarauztarra. Gainerakoak, Goierri eta Tolosaldekoak dira. Triatloiko teknika argibideak eta ariketak Hektor Llanos eta Miren Casado triatleta eta kirol hezitaileekin egiten ari dira. Bestelako jarduerak, berriz, Araziko ingurumen, kultur eta aisialdiko hezitzaileekin egingo dituzte. Egunak bi zatitan banatu dituzte: goizetan, triatloiko atalak lantzen dituzte, eta arratsaldez, aisialdiaz gozatzen dute, hainbat dinamika landuz: belaontzian ibiltzeko ikastaroa Getarian; Askizutik Zarautzera mendi ibilaldia; pala txapelketa; eta itsasontziz irteera, Zumaiako itsaslabarrak ikustera. Lehen egunean taldekideak elkar ezagutzeko dinamikak egiteaz gain, triatloiari buruzko aurkezpena egin zieten. Teknifikazioa 10:00etatik 13:00ak [...]

Ikasturtea bukatu dute gaztetxoek, eta aurrerantzean opor egunez gozatzeko txanda da. Eskualdeko herri gehienetan, kirol elkarteen nahiz aisialdi taldeen eskutik, kirol jarduera eta udaleku aukera zabala izaten dute denbora librea aprobetxatzeko. Aurten, ohikoez gain, eskaintza berri bat aurkeztu dute: Triatloi Teknifikazio Egonaldia, Getariako Askizu aterpetxean, hain zuzen ere. Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Arazi enpresak elkarlanean sortutako udaleku berezia da, eta aste honetan baino ez dute egingo. Triatloia du oinarri eta abiapuntu, baina hortik aurrera, bestelako aisialdi jarduerak ere jorratuko dituzte.
Astelehen arratsaldean eman zioten hasiera egonaldiari, eta ostirala bitartean Askizu eta inguruetan ariko dira. Guztira, 10 eta 14 urte bitarteko 16 neska-mutilek eman dute izena, eta horietatik bi baino ez dira eskualdekoak; bat oriotarra eta bestea zarauztarra. Gainerakoak, Goierri eta Tolosaldekoak dira. Triatloiko teknika argibideak eta ariketak Hektor Llanos eta Miren Casado triatleta eta kirol hezitaileekin egiten ari dira. Bestelako jarduerak, berriz, Araziko ingurumen, kultur eta aisialdiko hezitzaileekin egingo dituzte.
Egunak bi zatitan banatu dituzte: goizetan, triatloiko atalak lantzen dituzte, eta arratsaldez, aisialdiaz gozatzen dute, hainbat dinamika landuz: belaontzian ibiltzeko ikastaroa Getarian; Askizutik Zarautzera mendi ibilaldia; pala txapelketa; eta itsasontziz irteera, Zumaiako itsaslabarrak ikustera.

Lehen egunean taldekideak elkar ezagutzeko dinamikak egiteaz gain, triatloiari buruzko aurkezpena egin zieten. Teknifikazioa 10:00etatik 13:00ak aldera egiten ari dira, eta egun bakoitzeko kirol bana lantzen dute oso-osorik: herenegun igeriketa landu zuten Marlkorbe hondartzan; atzo bizikletan aritu ziren Askizu inguruan; gaur korrika ibiliko dira Zumaiako Santio hondartzan; eta bihar, hiru kirol modalitateak praktikara eramango dituzte, triatloi txiki bat eginez, Zumaian bertan. Hala, kirol batetik besterako trantsizioak edo aldaketak ere landuko dituzte.
Ondo pasatzea helburu
Miren Casado kirol hezitzaileak adierazi duenez, «triatloia ezagutzera ematea, eta, bide batez, ondo pasatzea da egonaldiaren helburu nagusia. «Teknika erakutsiko diegu, baina ariketak modu ludikoa azaltzen ari gara, jolasen bitartez. Azken finean, triatloia gustagarri egin diezaten nahi dugu, etorkizunean kirol hau praktikatu dezaten», dio.
Oro har, gaztetxoek kirol aukera berri batez gozatzea nahi dute. Horrekin batera, giro ona, laguntasuna eta antzeko kirol zaletasuna duten Gipuzkoako neska-mutilen arteko harremana sustatzea du xede udalekuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide