Hainbat urteren, irregulartasunen eta salaketen ostean, ireki dute Cristobal Balentziaga Museoa. Atzo izan zen inaugurazio ekitaldia, eta bertan bildu ziren moda, kultura, politika eta beste hainbat alorretako ordezkariak, Sofia Espainiako erregina buru.
Guztira 375 gonbidatu elkartu ziren bertan, besteak beste, Balentziaga Fundazioko presidente sortzaile Hubert Givenchy diseinatzaile frantsesa, Fundazioko Patronatuko lehendakariorde Sonsoles Diez de Rivera, Espainiako kultura ministro Angeles Gonzalez Sinde, EAEko lehendakari Patxi Lopez, Eusko Legebiltzarreko mahaiko presidente Arantza Quiroga, Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Markel Olano, Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura diputatu Maria Jesus Aranburu, eta politikari andana.
Sei milioi euroko aurrekontuarekin hasi zuten proiektua; 30 milioitik gorako kostua izan du lanak amaitu ostean. Zazpi urtez geldirik egon dira museoaren lanak, eta tartean ustelkeria kasu bat ere izan da. 2001ean museoa eraikitzeko kontratua sinatu zuen Balentziaga Fundazioak (hainbat pertsonaia ospetsuk, Getariako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak osatzen zuten garai hartan) Julian Argilagos arkitektoarekin.
2007an Aralar alderdiak Fundazioaren kudeaketan «irregulartasun larriak» salatu zituen. Argilagosen Hemen Fashion Art enpresak egin ez zuen lan batengatik kobratu izana nabarmendu zuen. Ordurako aurrekontua 17 milioitik gorakoa zen. Gerora, Gipuzkoako Fiskaltzak delitu zantzuak antzeman zituen museoaren kudeaketan, eta fundazioak Mariano Kamio Getariako alkate ohi eta fundazioko lehendakariordearen aurkako salaketa jarri zuen.
Kasua auzibidean dago. Argilagos izan ezik, inputatu guztiek deklaratu dute epailearen aurrean. Arkitektoa Miamin (AEB) dago, eta hilabete honen buruan da deklaratzekoa, bideokonferentzia bidez.
Iazko abenduan amaitu zituzten eraikitze lanak, hasieran zehaztutakoa baino 24 milioi euro gehiagoko aurrekontuarekin.
Erregina berandu
Espainiako erregina aurreikusi baino ordu erdi geroago iritsi zen ireki berri duten museora; 13:00ak aldera, zehazki. Gainontzeko gonbidatuak 11:00etatik aurrera tantaka-tantaka iritsi ziren. Givenchy bera izan zen lehena heltzen, eta atzetik jarraitu zieten erakundeetako, moda zein kultura munduko zenbait pertsonaik.
Eskualdeko alkateak ere goiz iritsi ziren inauguraziora. Jon Urien Zarauzko jarduneko alkatea, Igor Iturain Aiakoa eta Jon Redondo Oriokoa eguerdi aldera iritsi ziren; Andoni Aristi Getariako alkatea goizean goizetik zen bertan. Ogasuneko jarduneko diputatu Pello Gonzalez , gizarte politikako jarduneko diputatu Maite Etxaniz, eta kirol eta kanpo jardunetako jarduneko diputatu Iñaki Galdos elkarrekin iritsi ziren.
Izen handiko disenatzaileek ere ez zuten galdu nahi izan inaugurazioan parte hartzeko aukera. Hala, Modesto Lomba, Joaquin Frias, Francis Montesinos, Juanjo Oliva, Amaya Arzuaga, Miriam Ocariz, Alianto etxeko sortzaile Aitor eta Iñaki Muñoz anaiak, Juan Duyoz, Fernando Lemoniez, Blanca Zurita eta Ion Fiz ere bertanizan ziren.
Horiez gain, Jaime Marichalar LVMH Louis Vuitton Moet Hennssy etxeko kontseilaria, Carla Royo Villanova Pedro del Hierro etxeko harreman publikoetako arduraduna, Orleansko Beatriz Dior etxeko komunikazio arduraduna Espainian, Francoren iloba Carmen Martinez Bordiu eta senarra, Jose Campos, eta Nati Abascal modelo ohia ere bertaratu ziren.
Komunikabide ugari gerturatu ziren museora, ekitaldiaren ikusmina zela-eta. Guztira, 125 prentsa akreditazio banatu zituzten. Horietatik 12 Euskal Herritik kanpoko komunikabideak ziren.
Agurra
Protokoloa jarraituz, eta segurtasun neurri handiez inguratuta iritsi zen Espainiako erregina museora. Hainbat gonbidatu agurtu ostean, Lopezekin egin zuen Cristobal Balentziaga museoaren inaugurazio-plakarainoko bidea. Bertan bi dantzarik Donostiako Orfeoiak abestutako aurreskua dantzatu zuten.
Plakaren aurrean zenbait minutuz posatu zuen gerora, besteak beste, Olanorekin, Lopezekin eta Gonzalez Sinderekin, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburu Blanca Urgellekin eta Getariako jarduneko alkatearekin, besteak beste. Jarraian, gonbidatu guztiekin batera, Balentziaga Fundazioaren bildumako 90 soineko biltzen dituen erakusketa bisitatu zuen.Ekitaldia borobiltzeko, Juan Mari Arzak sukaldariak eta Bokado enpresak osatutako mokadutxoak dastatu ahal izan zituzten gonbidatuek.
1.200 pieza
Guztira, 1.200 piezako bilduma du Balentziaga Fundazioak. Europako errege-erreginentzat eta aristokraziarentzat sortutako piezak daude tartean. Nabarmentzekoak dira Belgikako Fabiola erreginaren ezkontzako soinekoa, Grace Kelly Monacoko printzesaren jantzi batzuk eta nazioarteko kulturako eta politikako ordezkarientzat zein dirudunentzat egindakoak, hala nola, Monna Bismarcken eta Rachel Mellonen soinekoak, eta Givenchyren bilduma pertsonala.
Museoak mota guztietako iritziak sorrarazi ditu herritarren artean
«Gaur museoaren inauguraziora etorri diren guztiak etor daitezela urte eta erdi barru, ea zer-nolako panorama ikusten duten», kexatu da Manuel Fernandez getariarra. Fernandezen ustez, «gehiegizkoa» da Balentziaga Museoaren proiektua, baita atzo egin zuten ekitaldia ere.
Museoaren gainean jarrera ezkorra du herritarrak, «etorkizunik» ez duela izango uste baitu: «Getaria bezalako herri batean halako museo batek ez du funtzionatuko. Jendea behin etorriko da, eta kitto. Gainera, hemen ez dago modarekiko halako zaletasunik. Krisi garaian hau guztia egitea astakeria hutsa da, are gehiago guztion poltsikotik ordaintzen badugu», dio haserre.
Bestetik, azken egunetan «polizia gehiegi» ibili dela kalean adierazi du. Getariako herrigunea poliziaz josi zen atzo, eta aurreko egunetan ere joan-etorria etengabea izan da. Balentziaga Museoaren bi eraikinak blindatu egin zituzten ertzainek. Frankotiratzaile bat ere ikus zitekeen eraikinaren goikaldean, eta goizetik Sahatsaga kalea itxi zuten ibilgailuentzat.
Askotariko jarrerak
Herritarren artean mota guztietako iritziak eragin ditu Balentziaga Museoak. Faroletan Cristobal Balentziagaren soinekoen irudiak zintzilikatu zituzten, eta hainbat dendatako erakusleihoek jostunari erreferentzia eginez hornitu zituzten. Baina bestelako adierazpenak ere baziren herrian atzo: Etxeko balkoietan ikurrin batzuk, baita Lotsagabeak, Gora Euskal Errepublika edo Ni reyes ni bufones jartzen zuten pankartak ere.
Fernandez bezala, badira museoa eta atzoko inaugurazioa «gehiegizkotzat» jotzen dutenak. Hala ere, beste batzuk itxaropentsu azaldu dira. Kaia jatetxeko langileek, besteak beste, herrira turismoa ekarriko duela uste dute. «Atzo, esaterako, jatetxe batzuk beteta zeuden afaltzeko orduan. Moda gustatzen zaiona etorriko dela uste dut, eta ostalaritzan antzemango dugu hori».
Etzi, herritarren txanda
Getariarrei irekiko dizkiete etzi museoko ateak, baina izena eman dutenei soilik. «Gu ere hor izango gara», zioten eraikin kanpoan zeuden ahizpa bikiek, ertzainak ondoan zituztela. «Bixki izeneko garbitegia genuen, eta behin garbitu genuen Balentziagaren soineko bat, lentejuelaz josia», zioten. «Hura bai harribitxia».



















