Maiatzaren 22tik aurrera kolore gehiago izango du herriko udalbatzarrak

Getariako Hitza 2011ko maiatzaren 12a

Azken urteetakoekin alderatuz, aurtengo hauteskundeen ondotik Getariako Udaleko mapa politikoak kolore gehiago izan ditzake. Izan ere, oraingoan ezker abertzaleak ahotsa izan dezake Udalean Bilduren eskutik, herritarrek hala nahi badute. Bost alderdik hartuko dute parte maiatzaren 22ko hauteskundeetan, eta 11 eserleku izango dituzte jokoan EAJk, Bilduk, Aralarrek, PSE-EEk eta PPk. Gaur egun alkatetza duen EAJk hainbat puntutan laburbildu du bere proposamena. Andoni Aristi alkateak gidatzen duen taldeak «legealdiari jarraipena ematea» du helburu nagusitzat. Horren barruan, «bereziki beharra duten herritarrentzako laguntzak indartu» nahi dituzte: «Egoerak zailak dira eta etxez etxeko laguntza sendotu eta langabezian daudenei lagundu nahi diegu». Proposamen zehatzagoei helduz, Potzuagako eremuan etxebizitza babestuak eraikitzen hasi nahi dute datorren agintaldian, eta Balentziaga kalean anbulatorio berria eraiki nahi dute, besteak beste. Hezkuntzari lotuta, «eskolako jangela, ataria eta beste gune batzuk hobetzen lagundu behar da» eta «2012an haurtzaindegi berria egingo da». Zaborraren kudeaketari dagokionez, bosgarren edukiontzia herrian zehar zabaldu eta «herritarrak birziklatze bidean sentsibilizatu» nahi ditu EAJk. Bildu eta parte-hartzea EAk, Alternatibak eta herritar independenteek osatzen duten Bildu koalizioak ere prest du programa. Alderdi berriaren ustez, «haize berria eta aurpegi berriak» behar ditu herriak «gauzak beste era batera egiteko». Bilduren helburu nagusia argi dute: «Getariarrak eta euskaldunak izanik, etorkizunari begira Getaria eta Euskal [...]

Azken urteetakoekin alderatuz, aurtengo hauteskundeen ondotik Getariako Udaleko mapa politikoak kolore gehiago izan ditzake. Izan ere, oraingoan ezker abertzaleak ahotsa izan dezake Udalean Bilduren eskutik, herritarrek hala nahi badute.
Bost alderdik hartuko dute parte maiatzaren 22ko hauteskundeetan, eta 11 eserleku izango dituzte jokoan EAJk, Bilduk, Aralarrek, PSE-EEk eta PPk.
Gaur egun alkatetza duen EAJk hainbat puntutan laburbildu du bere proposamena. Andoni Aristi alkateak gidatzen duen taldeak «legealdiari jarraipena ematea» du helburu nagusitzat. Horren barruan, «bereziki beharra duten herritarrentzako laguntzak indartu» nahi dituzte: «Egoerak zailak dira eta etxez etxeko laguntza sendotu eta langabezian daudenei lagundu nahi diegu».
Proposamen zehatzagoei helduz, Potzuagako eremuan etxebizitza babestuak eraikitzen hasi nahi dute datorren agintaldian, eta Balentziaga kalean anbulatorio berria eraiki nahi dute, besteak beste. Hezkuntzari lotuta, «eskolako jangela, ataria eta beste gune batzuk hobetzen lagundu behar da» eta «2012an haurtzaindegi berria egingo da».
Zaborraren kudeaketari dagokionez, bosgarren edukiontzia herrian zehar zabaldu eta «herritarrak birziklatze bidean sentsibilizatu» nahi ditu EAJk.
Bildu eta parte-hartzea
EAk, Alternatibak eta herritar independenteek osatzen duten Bildu koalizioak ere prest du programa. Alderdi berriaren ustez, «haize berria eta aurpegi berriak» behar ditu herriak «gauzak beste era batera egiteko». Bilduren helburu nagusia argi dute: «Getariarrak eta euskaldunak izanik, etorkizunari begira Getaria eta Euskal Herri hobe bat eraikitzea. Horretarako, Udala izango da gure lan esparrua». Herritarren «parte-hartzea» bultzatu nahi dute, «gizartearen inplikazioa ezinbestekoa delako bizitzen ari garen garai historiko eta aro berri honetan». Horregatik, gai «garrantzitsuetan» herritarrek parte-hartzea eta beren iritzia ematea sustatu nahi du Bilduk.
Aralar, jarrera aldaketa bila
«Udal jarduera ireki, garden eta eraginkorraren alde» dago Aralar. Hala adierazi du alderdiak. Bilduk bezala, Udalean beste era batera lan egitea nahi du Getariako Aralarrek: «Urteetako gehiengo absolutuei esker ohiko bilakatu diren jarrerak ezinbestean gainditu behar dira». Hala, «gai garrantzitsuetan» herri galdeketak egitearen alde azaldu da.
Udalean «austeritatearen» aldeko jarrera agertu du alderdiak, eta besteak beste «austeritate jarrerarekin lotuta alderdi ezberdinen artean lehentasunezko irizpideak adostea» proposatu du.
Arloz arlo hainbat proposamen jarri du mahai-gainean. Etxebizitzari dagokionez, esaterako, «lehentasuna izan behar du herrian dauden etxebizitza hutsak betetzea». Hondakinen kudeaketaren arloan, Aralarrek uste du kudeaketa ezin dela «borondatearen menpe» utzi: «Gaur egun, nahi duenak soilik birziklatzen du, eta hori ez da zuzena». Getariarrek sortzen dituzten hondakinen «sailkaketa egokia» egitea da alderdiaren proposamena, eta «erreus edo hondakinen soberakin kopurua ahalik eta gehien murriztea». Bestetik, hondakinen bilketaren «beste kultura bat» sortu nahi dute, hala «inguruko herrietarako eredu» izateko.
PSE-EEk ordezkaritza helburu
Getariako PSE-EEk eskualde osorako antzeko diagnostikoa egin du gai batzuen inguruan. Hala, argi du bere politikaren ardatza «ahulenen aldeko gizarte politika» izango dela, «ongizate arloa sendotuz eta enplegua sutatuko duten neurriak bultzatuz».
Politika kudeaketan «zintzotasuna, gardentasuna, partaidetza eta eraginkortasuna» aldarrikatzen dituen taldea da Getariako PSE-EE, eta Udalean ordezkaritza izatea da beraien helburua, «ezkerreko politikak bultzatzeko».
PPk, proposamen orokorrak
PP alderdia ere aurkeztuko da Getariako udal hauteskundeetara. Udalerako programarik landu ez duten arren, badituzte zenbait proposamen zehatz. Horietako bat Udaleko langile kopurua gehitzea eta Udaltzaingoarentzako tresnak hobetzea da. Bestea, futbol zelai berria egitea. Proposamen orokorrei dagokienez, alokairuko etxebizitzak sustatzea da asmoetako bat. Horretaz gain, zergak KPI baino gehiago ez igotzearen aldekoak dira PPkoak. Azkenik, industria eta komertzioa laguntzea proposatzen dute Udaletik.

Getariako Udalerako alderdien hautagaiak

EAJ
1. Andoni Aristi.
2. Antonio Arruti.
3. Rosa Mari Antia.
4. Ekaitz Balentziaga.
5. Uxoa Larrañaga.
6. Jon Elizegi.
7. Jon Ander Esnal.
8. Maria Pilar Azpeitia.
9. Jon Basurto.
10. Barbara Hormaza.
11. Xabier Larrañaga.

Bildu
1. Nikanor Lertxundi.
2. Amaia Iribar.
3. Aitor Irigoien.
4. Amets Etxabe.
5. Gorka Bordagarai.
6. Isaac Ostolaza.
7. Maria Angeles Amilibia.
8. Jose Ignacio Erauskin.
9. Anuska Esnaola.
10. Jokin Egurbide.
11. Begoña Agirre.
Aralar
1. Jon Aitor Bikuña.
2. Urko Atxotegi.
3. Irune Zulaika.
4. Mirene Begiristain.
5. Enekoitza Saizar.
6. Maialen Berazadi.
7. Iñigo Olabarri.
8. Maria Arantzazu
Berasaluze.
9. Almudena Ibarbia.
10. Eneko Alegria.
11. Aintzane Ezenarro.

PSE-EE
1. Jose Antonio Elola.
2. Ana Maria Azkue.
3. Atanasio Jose Trancon.
4. Gertu Bidegain.
5. Cipriano Vicente.
6. Josefa Lozano.
7. Julen Domingorena.
8. Maria Pilar Arrugaeta.
9. Jose Luis Hernandez.
10. Maria Beatriz Villafruela.
11. Jose Vicente Muñoz.

PP
1. Rafael Cazorla.
2. Alvaro Alejandro Etxeberria.
3. Maria Dolores Ercilla.
4. Luis Fernandez -Truchaud.
5. Ana Pastor.
6. Angel Muñoz.
7. Maria Cervera.
8. Maria Covadonga Hidalgo.
9. Luis Arranz.
10. Maria Jesus Lage.
11. Guillermo Juan Perez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide